Gotzon Elizburu
Kazetaria
JO PUNTUA

Aitzakiak eta isildurak

Ez da aztia izan behar bihar Bilbon euskal preso politikoen eskubideen alde egingo dugun manifestazioa arrakastatsua izango dela jakiteko. Gaia agenda politikoan egon da azken aste eta hilabeteetan, herri eragileek zein Kolektiboak berak ondo egindako lanari esker gehienetan, konpondu gabeko salbuespenezko egoera larriek eraginda besteetan.

Albiste izan dira Parisen abenduaren 9an egindako manifestazio berezi eta arrakastatsua, Ipar Euskal Herriko ordezkari instituzional eta sozialek Frantziako Gobernuarekin irekitako harreman bideak, ordezkari horiek EPPKren bozeramailetzarekin espetxean izandako bilera –historikoa–, motxiladun umeak, Izar eta Sara, Kalera Martxa, Ibon Iparragirreren egoera larria eta abar. Eta 2017an Kolektiboak erabaki politiko garrantzitsuak hartu eta inplementatzeari ekin dio, presoen auzia konpondu eta askapen prozesuari ekarpena egiteko ziklo berri honetan.

Azken egunetan Foro Sozialak Jon Olarrarekin izan duen bilerak titular asko eman ditu, Kolektiboak eragindako mina aitortzeko adierazi duen prestutasunak. Harritzekoa da halere batzuek duten memoria laburra, ez baita berria hori. 2013an jada egin zuen adierazpena kolektiboak zentzu horretan eta hainbat epaiketatan ere egin dute beste kide batzuek. Halere, moralaren errege diren agintari politiko batzuek ezer gertatu ez balitz bezala hori estaltzeko duten interesak zer pentsatu ematen du.

Halako aitzakiak behar baitituzte beste errealitate batzuk isiltzeko. Jon Olarrak bilera horretan azaldu zuen Espetxe Zaintzaren aldetik lehen gradutik bigarrenera pasatzeko izaten ari diren zailtasunak. Espainiar estatuko espetxeetako ohiko erregimena bigarren gradua da. Estatuko presoen kopuru oso txikia soilik dago lehen graduan. Zein dira arrazoiak? Ohiko erregimenera moldaezintasuna edo gainerako presoekiko arriskutsuak izatea. EPPK-ko kideen %96 dago gradu horretan, nahiz eta arrazoi horiek ez dituzten betetzen. Eskaera horren ukapena jada itogune bilakatzen ari da presoek espetxealdia arintzeko eta ibilbide juridikoa egin ahal izateko.

Onartezina da behin eta berriz ardura presoen gain jartzen jarraitzea, aurrera egiteko oztopoa Espetxe Zaintzaren eta Estatuaren erabaki politikoak direnean.