Maite UBIRIA BEAUMONT
BAIONA

Ordainketak euskotan egiteko Baionako Udalak hartutako erabakia, auzitara

Catherine Seguin suprefetaren ustez, iazko uztailean Herriko Etxeak Euskal Moneta elkartearekin sinaturiko hitzarmenak jasotzen duen tokiko diruaren erabilera ofiziala «legearen kontrakoa» litzateke.

2017ko uztailean Euskal Moneta elkarteak eta Baionako Herriko Etxeak hitzarmen bat izenpetu zuten. Akordio horren arabera, Herriko Etxeak herritarrei zerbitzu publikoetan euskoa erabiltzeko baimena emateaz gain, erakundeak berak hainbat ordainketa tokiko diruaren bidez burutzeko hautua egin zuen.

Oraingoan, Catherine Seguin suprefetak erabaki horrek frantziar legea ez duela errespetatzen argudiatuta, hitzarmena deuseztatzeko lehen urratsa egin du. Hain zuzen ere, Paueko auzitegi administratiboak gaur aztertuko du Seguinek aurkezturiko salaketa.

Jean-Rene Etchegaray auzapeza, ordea, ez dator bat suprefetaren iritziarekin. Hartara, hautetsiek hala nahi izanez gero diru-sariak euskotan jasotzea ahalbidetzen duen akordioa defendatu du. Horretaz gain, zenbait zerbitzu publiko eta baita elkarteei zuzenduriko laguntzak ere euskotan ordaintzeko nahikeria agertu du Udalak.

Gaur egun euskoarekin bat egin duten hiru lurraldeetako herriko etxeek –Hendaia, Lekorne edo Uztaritze kasu– herritarrei hainbat zerbitzu tokiko dirua erabiliz ordaintzeko aukera eman diete. Izan ere, Lapurdiko hiriburuak aurrerago jo du, Herriko Etxeak bere ordainketak ere euskotan egiteko pausoa emanez.

Lege oztopoak

Euskal Monetaren elkarteko ordezkaria den Xebas Christyk Baionako Herriko Etxearen ekimena «aitzindaritzat» jotzeaz gain, bere arrangura agertu du, bere ustez «Baionatik harago, frantziar Estatuan diren tokiko moneten bilakaera oztopatzea izan daitekeelako auziaren helburua». Lehenagotik ere Euskal Moneta elkarteak fin jokatu behar izan du lege oztopoak gainditzeko. Hartara, bi urteko prozedura jorratu zuen Frantziako Banku Zentralaren bermepean internet bidezko transakzioak ahalbidetzen dituen «Euskokart» txartela zabaldu aurretik.

Azkenik, iazko martxoan sortu zuen diru-txartela. Tokiko ekonomia sustatzea xede duen monetak eginiko jauzi numerikoaren arrakastaren berri ematen dute zifrek. Aurreneko sei hilabeteetan 771 herritarrek zabaldu zuten kontu korronte bat.