JAN. 15 2018 Aizkora Otaño eta Lopez nagusi Emakumezkoen Buruz Burukoan, berriz, Izkuek bi segundo eskasegatik irabazi zion Sorondori. Jon LEUNDA Eneko Otañok eta Juanjo Lopezek irabazi zuten atzo Beizaman jokatu zen Binakako Txapelketako saioa. 45 ontzako enborra zeinek kolpe gutxiagoan moztu neurtu ziren aurrena, eta hor Beizamakoak eta Lezaungoak lehen garaipena lortu zuten, enborra 30ean botaz, eta aurkariei seiko aldea ateraz. Bigarrengoan, tamaina bereko enborra erlojuz kontra ebaki behar izan zuten, eta hor lana 41 segundoan amaitu zuten, aurkariei bederatzi ateraz. Hirugarrengoan, gipuzkoarrak eta nafarrak alde zuten abantaila hori handitu egin zuten. Zutik jarritako kana-erdikoa bota behar izan zuten, eta 2 minutu eta 17 segundo behar izan zituzten amaitzeko, aurkariari 3 segundoko aldea ateraz. Horren ondoren, 60 ontzakoa izan zuten aurrean, eta hori Zalduak eta Irazuk irabazi zuten, jarduna 2 minutu eta 22 segundoan amaituz, aurka zuten aldea bi segundoan laburtuz. Gero, zutik jarritako 45 ontzakoa eta etzaniko kana-erdikoa izan zituzten ebakitzeko. Otañok eta Lopezek 2 minutu eta 20 segundoan amaitu zuten, 31 segundoko aldea ateraz. Azkenik, iraupen proban, sei 60 ontzako ebaki behar izan zituzten, eta hor Otañok eta Lopezek 12 minutu eta 17 segundoan amaitu zuten jarduna eta aurkariek 12 minutu eta 32 segundoan. Lan guztiak burutzeko, 20 minutu eta 29 segundo behar izan zituzten Otañok eta Lopezek, eta 21 minutu eta 33 segundo, Irazuk eta Zalduak. Nesken Buruz Burukoan, berriz, Irune Izkuek aurreikuspenak bete zituen, eta berak irabazi zion Sorondori, nahiz eta oso alde txikia egon zen bien artean. Amaieran, bi segundo besterik ez. Oin bateko enborra zeinek lehenago moztu izan zen aurreneko lana, eta hori Sorondok irabazi zuen, jarduna minutu eta 33 segundoan amaituz, eta segundo bateko aldea lortuz. Ondoren, bi 45 ontzako enbor erdibitu behar izan zituzten, eta hori Izkuek irabazi zuen, 6 minutu eta 7 segundoko denbora eginaz, eta hiru segundo gehiago behar izan zituen Sorondok. Denera, lan guztia egiteko, 7 minutu eta 41 segundo behar izan zituen Izkuek, eta Nerea Sorondok, berriz, 7 minutu eta 43 segundo behar izan zituen bereak egiteko. Harri-jasotzen, berriz, Imanol Illarramendi aritu zen lanean. Hasteko, 175 kiloko errektangularrarekin jardun zuen, eta bi minutuan 7 jasoaldi eman zizkion. 150eko kubikoari, berriz, denbora berean 8 eman zizkion. Guztira 15 jasoaldi lortu zituen, eta 2.465 kilo bizkarreratu zituen, lehengo astean Aranburuk egin zuen marka onduz, bai kilotan, baita jasoalditan ere.