Andoni ARABAOLAZA
Eskalada

Barbara Zangerl, hormatzarretako emakumezko sasoikoenetarikoa

Iazko abenduaren 10ean, eskalatzaile austriarrak, Jacopo Larcher sokakide italiarrarekin, Kapitaineko (Yosemite) horman dagoen bide gogorrenetarikoa, «Magic mushroom» (8b+, 900 m), era askean egin zuen. Marraren lehen errepikapena izan da.

Izenburuan azpimarratu dugu Barbara Zangerl hormatzarretako eskaladan egungo emakumezko sasoikoenetarikoa dela. Bere curriculuma ikusita, baten batek gehitu nahi izango du indartsuena dela. Eskaladari dagokionez, beti esan ohi dugu izaera horietako baieztapenak ez direla oso zehatzak, baina onartu beharra dago eskalatzaile austriarra munduko hainbat hormatan egiten ari dena txapela kentzeko modukoa dela.

Goi mailako bere azken jarduera bikaina joan den abenduaren 10ean egin zuen; hain zuzen ere, Yosemiteko Kapitaineko pareta historikoan. Jacopo Larcher sokakide italiarrarekin «Magic mushroom» bidea (8b+, 900 m) era librean eskalatu zuen; hots, “Dawn Wall” marraren (9a) ondoren murru horretako bide zailena. Berriro ere baten batek esango du “The Nose” bezalako marra mitiko batek zailtasun bera duela. Eta arrazoi osoa du, baina “Magic mushroom” zailtasunean askoz ere iraunkorragoa da. 29 luze ditu: horietako hamaika 8a gradutik gorakoak eta bidearen hiru giltzak (20., 22. eta 27. luzeak) 8b+ zailtasunekoak dira.

Hori guztia argitu ostean, beste honako hau gehitu dezakegu: inoiz emakumezko batek Yosemiten eskalatu duen big wall zailena lortu du Zangerlek. Eta aipamen horrek badu, gainera, garrantzi berezirik. Izan ere, Lynn Hill eta Beth Rodden estatubatuarrentzat ez bezala (biek ala biek Kapitainen 8b+ graduko marrak igo dituzte), austriarrarentzat Yosemite ez da “etxeko” horma.

Larcher sokakidearekin batera “Magic mushroom”-en eginikoa jorratu baino lehen, azpimarratu behar dugu Zangerlek eskaladan egin duen ibilbidea eta bilakaera goraipatzekoak direla. Berez, sona handia blokean eginiko jarduerengatik hartu zuen. 2008. urtean, adibidez, boulderrean “Pura vida” (8b,) egin zuen; hots, gradu hori sinatzen lehen neska izan zen.

Urte gutxira, hormatzarretara egin zuen salto, eta aipatzekoa da “Trilogia alpinoa” bezala ezaguna den xedea lortu zuela (hiru marrak 8b+ gradukoak dira): “Silbergeier”, “End of silence” eta “Des Kaisers neue Kleider”. Jakina, hori lortzen lehen emakumezkoa izan zen Zangerl.

Europan eginiko trilogia horri, azkenik, Kapitainen bertan eskalatutako “El Niño” (8a+) eta “Zodiac” (8b+) gehitu behar zaizkio. Orain arte esan dugun bezala, guztiak ala guztiak eskalada askean.

“Magic mushroom” bideari dagokionez, aurreratu behar dugu Steve Sutton eta Hugh Burtonek 1972. urtean zabaldu zutela. 35 urte igaro ziren Tommy Caldwell eta Justen Sjongek horri puntu gorria jartzeko. 2008. urtean izan zen. Baina Caldwell ez zen oso gustura geratu eskaladarekin eta eginiko estiloarekin, eta, astebetera, berriro bide horretan sartu eta luze guztiak sokaburu egin zituen. Bigarren igoera edo lehen errepikapena, beraz, Larcher eta Zangerlena izan da. Azken eta behin betiko saiorako hamaika egun behar izan zituzten, eta, aipatu dugunez, joan den abenduaren 10ean xedea biribildu zuten.

«Ia ezinezkoa»

Protagonistek esan dutenez, bidearen luze gogorrenak lantzen, 8a eta 8b+ artean daudenak, hilabete pasatxo jardun zuten: «Jacopo eta biok helburu horretan buru-belarri sartzeko pronto ginenean, neure buruak esaten zidan ia ezinezkoa izango zela. Jacopok, berriz, luzerako lana izango zela uste zuen. Baina biok ala biok ezusteko handia hartu genuen bigarren igoera hori nahiko ‘azkar’ lortu genuelako. Pozarren gaude eginiko lanarekin, baina era berean esan nahiko nuke leher eginda bukatu genuela. Paretan egun asko egin genituen eta horrek indarrak xahutzen dizkizu. ‘Magic mushroom’ egin eta hurrengo egunetan jaten eta jacuzzietan orduak eta orduak igaro genituen. Zalantzarik gabe, ‘Magic mushroom’ izan da inoiz neure buruari gehien eskatu dion eskalada. Gainera, biok ala biok luze guztiak sokaburu kateatu ditugu».

Eskalatzaileok adierazi dute urteko beren helburuen artean “The Nose” zegoela, baina “Magic mushroom”-en krokisa begiratu zutenean, harekin harrapatuta geratu omen ziren: «Urrian zein azaroan ‘The Nose’-n eskalatzaile asko zegoen, eta marra hori era askean igotzeko baldintza mugatuak genituen. Jakina, ‘Magic mushroom’ libre zegoen».

Zangerlek onartu du 30 egun baino gehiago egon zirela paretan. Bidean oso lasai sartu ziren, asmo handirik gabe; izan ere, ez zekiten goialdeko luze gogorrenak nolakoak ziren. Eskalatzen ari ziren bitartean, gainera, beste era bateko lanak egin zituzten: «Bide honetan apenas eskalatzailerik sartzen den. Beheko luzeak oso zikin zeuden: artesi batzuk goroldioz eta lurrez ‘itxita’ zeuden! Luze batzuk ondo interpretatzea kosta egin zitzaigun. Luze gogorrenetan, adibidez, bizpahiru mugimendu askatzeak egun erdi bat eskatu zigun. Bide honek nire burua asko nekatu du. Hasieran, marra hori nire gaitasunetik at zegoela pentsatu nuen; hots, ia ezinezkoa zela. Baina egunek aurrera egin ahala, baikor sentitu nintzen; izan ere, luze zail batzuk eskuratu nituen. Baina, bat-batean, 8b+ graduko azken luzera heldu ginenean (gailurretik 40 metrora) behera etorri nintzen. Bide horrekin ezin izango nuela esan nion neure buruari. Bederen, bidaia honetan ez nuela kateatuko!».

Sokada denborarik gabe geratzen ari zen, eta bidaia luzatzea erabaki zuen. Gainera, Zangerl egun batzuk ondoezik egon zen. Behin betiko saioan 11 egun igaro zituzten: «Aitortu dezakegu saio horretan hiru une larri bizi izan genituela. Lehena, ni gaixotu nintzenekoa. Bigarrena, Jacopok 8a+ graduko luze batean behin eta berriz irrist egin zuenekoa. Eta hirugarrena, 8b+ zailtasuneko azken luzeko azken mugimenduarekin arazoak izan nituenekoa. Azken luze horri dagokionez, beherago dagoen gradu berekoa baino gogorragoa iruditu zitzaigun; gida batzuetan 8b dela diote. Inoiz neure buruari gehien eskatu dion luzea izan da. Hiru aldiz erori nintzen luzearen goialdean; hain zuzen ere, bileratik hiru metrora nengoela. Zati hori beste era batean igotzen saiatu nintzen. Burua paretaren kontra indarrez jarri behar izan nuen, ezkerreko oina altxatu ahal izateko. Azkenean, metodo horrekin azken luze hori gainditzea lortu nuen. Bazirudien zeruan nengoela, eta negarrez hasi nintzen. Bestalde, Jacopo nire egoerarekin arduratuta zegoen. Luze hori patrikan zuen, eta nik askatzen ez banuen, argi zuen jarduera hori hankamotz geratuko zela; izan ere, biok ala biok kateatu nahi genuen».

Hala, Zangerl ia “esku hutsik” geratzeko zorian egon bazen ere, protagonistak berak onartu du “Magic Mushroom” hamar izarreko bidea dela: «Luze bakoitza bikaina baino bikainagoa da. Beste batzuetan, berriz, ekipatuta zegoen moduagatik, beldur handia pasatu dugu; berun batzuk hor behean ikusi eta balizko erorikoa ikusita... Eta inolako zalantzarik gabe, biok ala biok azpimarratu nahi dugu zailtasunean oso iraunkorra dela; oso-oso gogorra da. Bide horrek asko harritu gaitu. Lehen errepikapena geurea da!».