Jon LEUNDA
Aizkora

Etorkizuna argitzen ari da

Gaur arratsaldean Zizurkilen izango da mutilen Binakako saioa, eta bihar Zestoako Iraeta auzoan.

Mutilen Binakako Urrezko Aizkorako bi saio eta nesken Buruz Buruko bat jokatuko dira asteburuan. Gaur Zizurkilen izango da saioa, 18.30ean; eta bihar, berriz, Zestoako Iraeta auzoan izango da, 17.30ean.

Zizurkilen herritarren dema jokatuko da. Alde batetik, Mugertza II.a eta Otaegi arituko dira, eta bestetik, berriz, Zaldua eta Irazu. Bi bikoteak oso baldintza ezberdinetan iristen dira saio honetara. Mugertzak eta Otaegik irabazi egin dute jokatu duten neurketa; eta Zaldua eta Irazu, berriz, jokatu dutena galduta datoz.

Horrek premia handia sortzen die azken aizkolari hauei; izan ere, gaur berriro galduko balute ikaragarri zailduko zaie hurrengo fasean sartzeko parada. Mugertzak eta Otaegik lortuko balute garaipena, berriz, aurrera begira sekulako urratsa egingo lukete.

Bihar Iraetako pilotalekuan Aitzol Atutxak eta Julen Alberdik Eneko Otañoren eta Juanjo Lopezen aurka jokatuko dute. Alberdik eta Atutxak lehen saioa dute, eta Otañok eta Lopezek hirugarrena izango dute. Beizamakoak eta Lezaungoak saio bat irabazi egin zuten, eta bestea galdu. Gaur ez balute garaipena lortuko, gauzak ikaragarri okertuko litzaizkieke. Eurentzat azkeneko saioa izango da fase honetan, eta besteek egiten duten lanaren zain geratu beharko dira. Bi saio hauek sekulako ikusmina piztu dute, eta segur aski jende asko bilduko da saioak ikusteko asmoarekin bai gaur Zizurkilen eta bai bihar Iraetan.

Neskak

Nesken Buruz Burukoan jardunaldi bakarra jokatuko da. Gaur Zizurkilen Irune Izkue eta Irati Astondoa neurtuko dira. Izkuek jokatutako guztiak irabazi egin ditu, eta gaurkoan ere faborito izango da. Astondoa saiatuko da aurreikuspenak apurtzen. Bihar Iraetan neskek ez dute jardunaldirik izango, eta atseden hartzeko moduan izango dira.

Emakumezkoek aurrena oin bateko enborra ebaki beharko dute, zeinek azkarrago moztu lehiatuko dira, eta ondoren bi 45 ontzako zeinek azkarrago moztu neurtuko dira. Bi probak oso azkarrak dira, eta huts egiteko tarterik ez dute izango aizkolariek. Pasa den asteko deman, Izkuek bi segundogatik bakarrik irabazi zuen saioa, eta honelako saio estu bat nahiko lukete Zizurkilera doazen zaleek.