JAN. 22 2018 (H)ILBELTZA, EUSKAL NOBELA BELTZAREN ASTEA ASTEBURU ESKANDINAVIARRA BAZTANEN ASTEBURUA ARRAKASTATSUA SUERTATU DA BAZTANEN. FILMAK, LITERATURA ETA ZINEMA BELTZAREN ETA ESTEREOTIPOEN GAINEKO SOLASALDIA EDOTA LIBURU AURKEZPENAK, SUSMAGARRIEN GAUA ETA BASOAN ANTZEZTUTAKO ISTORIO BELTZA IZAN DIRA EKITALDI NAGUSIAK. Last update: JAN. 22 2018 - 07:58h Patxi GAZTELUMENDI Zinema eta literatura beltzak Baztan hartu dute beste behin. Roman Polanskyren “Chinatown” pelikularekin ostiral iluntzean jende andana batu zen Elizondoko Arizkunenea kultur etxean. Nere Arrutik aurkeztuta, zineman sekula idatzi den lanik onena –gidoilaria, Robert Town– euskarazko azpitituluekin jarraitu zuten bertaratuek. Urtegi eta botere afera batean, ustelkeria, hilketak, maitasun apur bat eta detektibe azkar baten istorioak asteburuak emanen zuenaren harian murgildu zituen genero beltzaren jarraitzaileak. Biharamunean, larunbat goizean, Elizondon bertan, “Beltzaren estereotipoak literaturatik ikus-entzunezkoetarat” izenburuko mahai-inguruan batu ziren Arantxa Iturbe idazle eta kazetaria, Irati Jimenez idazle zinemazale amorratua eta Iratxe Fresneda unibertsitateko irakasle eta zinemagilea. Genero beltza eta generoa uztartu zituzten mahaikideek beren solasaldietan. Betaurreko moreak izan arren, Irati Jimenezek zinema beltzean zenbat ikasi eta gozatu ahal den erakutsi zuen, eta feminismoak «zinema maitatzen gorrotatzen baino gehiago» lagundu izan diola aitortu zuen. «Emakumeen papera, mota honetako zineman beti izan da edo biktimarena edo femme fatal deritzona», aipatu zuen Jimenezek. Eta emakumeak zinema beltzaren hastapenetik izan direla protagonista zehaztu zuen, Agata Christieren pelikulak gogora ekarriz. Iratxe Fresnedak, bere aldetik, Eskandinaviako film batzuei buruzko liburuxkak banatuz hasi zuen bere solasaldia. Eta jarraian “Nordic noir” Ipar Europako zinema eta telesailen hazkundeaz azalpenak eman zituen. “Zubia” eta “Hilketa” serietako emakume detektibe protagonistak aztertuz, Annette Khun ikerlari alemanaren aipu batek bat baino gehiagok pentsakor utzi zuen: «Ideologia errepresentazioaren ekoizpena da». Eta jarraian, «estereotipoek bizitza sinplifikatzeko eta adoktrinatzeko» balio izan dutela gaztigatu zuen. Analisi filmikoaren bitartez, pelikuletan agerian geratzen ez dena ikusteko teknika azaldu zuen bertaratutakoen aurrean. Danimarkan edo Suedian duten ikus-entzunezko tradizioa da, literatur sorkuntza oparoarekin batera, telebista publikoan serie arrakastatsuak ekoizteko formula. Telesailetako protagonistekin, beraien ezaugarriekin eta arrakastaren giltzarekin edukiz asebeteta joan ziren zinema beltzaren jarraitzaileak Erratzuko Zubipunta ostatura eta herriko elkartera. Bazkalondoan, Jon Arretxek “Arrutiren banda”, Pierre Mestrot donapaleutarrak “Bihotz ebatsiak”, Galder Perezek “Morbus operandi” antzezlanaren gidoia eta John Anduezak “Danba!” genero beltzeko lanak aurkeztu zituzten. Ostean, lagunarte ederrean, obra ezberdinetako tituluekin banaturik, bederatzi taldek Susmagarrien Gaueko jokoari ekin zioten. 60 detektibe inguru Erratzuko ostatuetan barna lanean. Euskal nobeletako idazle eta pertsonaien hilketa bat ikertu behar zuten, nork nor hil zuen, nola eta zein arrazoirekin. Azkenean, gaua ondo sartua zenean jakin zen Amaia Ezpeldoik (Itxaro Bordaren pertsonaia) Enekoitz Ramirez hil zuela (Jon Alonsoren nobeletako protagonista), Arzak jatetxean, misterio guztiak berak argitzen zituelako. Igandeko hitzordua Anizen izan zen. Baztango herri batetik bertzera joan zen detektibeen kontua. Basoan barna, istorio beltz harrigarri bat ezagutu zuten ibilbidea egin zuten hamarnaka lagunek. Hilketak, deserriratzeak, atxiloketak, pozoia, herrietako istorio eta beste, musikaz lagundurik eta aktore batzuek ondo giroturik. Goizeko istorioa zelan amaitu zen jakin ostean, Erratzuko elkartean hamaiketakoa egin eta iluntzean Iruritan 80ko hamarkadan Joseba Sarrionandiak eta Mitxel Sarasketak hautatu eta itzulitako ipuin beltzak aditu zituzten. Mitxel Sarasketak garai hartako Carabancheleko espetxeko argazkiekin eta Sarrirekin bizitakoak kontatuz, (H)ilbeltzako antolatzaileek ipuinak irakurri zituzten, Baztanen asteburu euskandinaviarrari amaiera emanez. «Emakumeen papera, zinema beltzean, beti izan da edo biktimarena edo ‘femme fatal’ deritzona».