JAN. 22 2018 Aizkora Aurreikuspenak bete dira Mugertza II.a-Otaegi eta Alberdi-Atutxa izan dira jardunaldiko bi bikote irabazleak. Jon LEUNDA Otaegik eta Mugertza II.ak eta Atutxak eta Alberdik irabazi dituzte Urrezko Aizkorako Binakako Txapelketako gizonezkoen bi probak. Bietan lan bera egin behar izan dute. Hasteko, 45 ontzakoa zeinek kolpe gutxiagotan ebaki. Ondoren, tamaina bereko enborra erlojuz kontra ebaki. Hirugarrenean, zutik jarritako kana-erdikoa erdibitu behar izan zuten. Laugarrenean, etzanda jarritako 60 ontzakoa moztu. Bosgarrenean, zutik jarritako 45 ontzakoa eta etzanda jarritako kana-erdikoa erdibitu; eta azkenik, txanda librean sei 60 ontzako moztu. Mugertzak eta Otaegik hasieratik hartu zuten abantaila. Bigarren lanaren amaieran, lau segundoko tartea egina zeukaten. Hortik aurrera ere garaipena lortu zuen bikotea gainerako proba guztietan garaile atera zen. Iraupen proba izaten da normalean dena erabakitzen duena, eta ordurako Mugertzak eta Otaegik minutu eta 14 segundoko aldea kentzen zieten Zalduari eta Irazuri. Zizurkilgoak eta Mutrikukoak azkeneko lanean ere ez zuten barkatu eta hura ere irabazi egin zuten. Lan guztiak burutzeko, 22 minutu eta 9 segundo behar izan zituzten Mugertzak eta Otaegik, eta 24 minutu eta 7 segundo, Irazuk eta Zalduak. Atzo, berriz, Atutxak eta Alberdik proba guztietan hartu zituzten mendean Otaño eta Lopez. Azken probara minututik gorako aldearekin sartu ziren irabazleak, eta amaieran ez zuten barkatu. Lan guztiak burutzeko, 19 minutu behar izan zituzten Atutxak eta Alberdik, eta 21 minutu eta 29 segundo, aldiz, Otañok eta Lopezek. Nesketan, saio bakarra jokatu da asteburuan, eta bera aise irabazi zuen Irune Izkuek. Oinbeteko enborra zeinek azkarrago moztu izan zen egin beharreko aurreneko lana, eta hor minutu bat pasako tartea kendu zion Astondoari. Ondoren, bi 45 ontzako erdibitu behar izan zituzten, eta Izkuek bi minutu eta erdi pasako aldea atera zion. Lan guztiak burutzeko, 6 minutu eta 59 segundo behar izan zituen Izkuek, eta 10 minutu eta 42 segundo, berriz, Astondoak. Floren Nazabalek eta Arkaitz Jauregik irabazi zuten Madrilgo Cercedilla herriko torneoa, bigarren sailkatu ziren Toledano eta Trilla segoviarrei minutu eta 22 segundoko aldea kenduz. NESKAKIrune Izkuek ez zion inongo aukerarik eman Irati Astondoari, eta egin beharreko bi lan ezberdinetan oso erraz hartu zuen mendean nafarrak bizkaitarra.