JAN. 22 2018 ZIRIKAZAN Neurri txikiak, urrats handiak Josebe EGIA Bilbo hirian benetan lortu bada autobus-gidariek, gremio egoskor baino egoskorrago horrek, geltokietatik at geratzea, gaueko zerbitzuan, behintzat, zer ez dugu aldatuko! Emakumeen kontrako erasoak prebenitzearren, horretan segurtasun-neurri soberakorik ez dagoelako, halaxe erabaki berri du Bilboko Udalak: aurrerantzean, gauez etxerako bidean doan emakumeak eskaera egin ahal izango dio gidariari han edo hemen utz dezan, etxetik gertuxeago; hala, lasaiago egingo ditu etxera bitarteko metro urriagoak, eta, beharbada, gidaria bera ere lasaiago geratuko da emakumeak hiri-basamortu ilun eta itzaltsuen erdian utzi barik. Inolako konplikaziorik gabeko neurritxoa, arras erraza gauzatzen, benetako errealitatea zein den aintzat hartuta emakumeon ongizatea eta babesa gogoan planteatuta eta onartuta, udaleko politikariak eztabaida mamitsu luze antzuetan hasi barik. Ordenantza bat aldatzean datza, besterik ez.. Ordenantzak, arauak, legeak… molda daitezkeelako. Areago, aldatu egin behar direlako, une batean zuzena eta egokia zenak urteen poderioz, aldaketa sozialen arabera, zuzen eta egoki izateari uzten diolako, eta erakunde honek edo hark erabakitako gauzen ofizialtasunak ezin diolako kontra egin jendarte baten sentipenari, iritziari eta, batez ere, benetan egin nahi duen bizimoduari. Euskaltzaindia bera ere jabetu da badela garaia kontutxo batzuk aldatzeko, euskarak berau bizi duten emakume zein gizonen nahi eta hautapenekin bat egin dezan, euskaldunok ez ditzagun geure hizkuntzan mugatu egingo gaituzten trabak topa, geure hizkuntzan zer garen eta bizimodua nola bizi dugun adierazteko gai izan gaitezen, inolako ofizialtasun linguistikok gure izana inposatu barik. Zenbait definizio moldatuko ditu, besterik ez, baina badakigu gure jendartean zer-nolako garrantzia duten, edo ematen diegun, definizioei. Haur edo gazte batek aitaginarreba edo erraina, adibidez, zer den jakiteko hiztegira jo eta bertan «ezkontideetako baten aita beste ezkontidearentzat» edo «semearen edo alabaren emaztea» irakurtzeak eman lezake ez duela aldaketa esanguratsurik ekarriko jendartean. Baina badakar, bada esanguratsua gure hizkuntzaz arduratzen den erakunde garbizale samarra berben benetako zuzentasunaz eta egokitasunaz kezkatzen hastea eta, eztabaida mamitsu luze antzuetan hasi barik, aldatzea, jendartea osatzen dugun hainbat eta hainbat pertsonekiko begirunea adierazten hastea.