Andoni ARABAOLAZA
MENDIKO ESKIA

Lehen hitzordu nagusietan zazpi euskal podium

Hilaren 13 eta 14an, Boi Taulleko eski estazioan, Fedmek antolaturiko Espainiako kronoigoera eta esprint txapelketak jokatu ziren. Euskal ordezkariek garaipen bat eta hiruna zilar eta brontze eskuratu zituzten.

Mendiko eskiko lehiakideentzat negua bikain hasi da. Horrekin esan nahi dugu, bederen, lehietan jarduteko elurra badutela. Eta horren isla da hasi berri den denboraldi berria. Euskal Herriko hitzorduei dagokienez, aurreratu behar dugu oraindik pixka bat itxaron behar dela. Ez da gauza bera gertatzen, ordea, gure ingurumari honetan antolatzen diren hitzorduekin.

Fedmek antolatutako lehia nagusiak martxan dira. Hilaren 13an eta 14an, Boi Taullen (Katalunia), Espainiako kronoigoera eta esprint txapelketak jokatu ziren. Ohi den legez, euskal ordezkariek ez zuten hutsik egin. Batzuk, Euskal Mendizale Federazioaren izenean lehiatu ziren; beste batzuk, aldiz, Nafarroako Mendi Federazioaren izenean. Eta, lehen hitzordu nagusiak izateko, aurreratu behar dugu, oro har, emaitza politak erdietsi zituztela: garaipen bat eta hiruna zilar eta brontze.

Erloju kontrako igoera txapelketari dagokionez, seniorrek 700 metroko goranzko desnibela zuen ibilbidean neurtu zituzten indarrak: Boi Taulleko eski estazioan hasi (2.200 m) eta Rasparoiesen (2.753 m) amaitu zuten. Gazteenen ibilbideak, berriz, 200 metro desnibel gutxiago izan zuen.

Nagusietan, lehen podiuma Nahia Quincocesen eskutik iritsi zen. Claudia Galiciak 34 minutuko denborarekin irabazi zuen, eta euskal ordezkaria irabazlearengandik 12 segundo eskasera heldu zen. Beraz, Quincocesek zilarra erdietsi zuen.

Bestalde, kadeteetan, euskal ordezkariek sinatu zuten garaipen bakarra iritsi zen. Eta ohore hori Rita Jimenezi egokitu zitzaion. Eta beteranoen B mailan izan zen hirugarren eta azken euskal podiuma: Adrian Legarrak brontzea etxera ekarri zuen.

Nahiz eta lehen hiru postuetan ez sailkatu, aipatzeko modukoa da, junior mailan, Aitor Ajuria laugarrena izan zela eta Rafa Urbizu bosgarrena.

Podium gehiago

Esprint modalitateari buruz aipatu behar dugu besteekin alderatuta (indibiduala eta kronoigoera) nahiko berria dela.

Fedmeren txapelketa hau ere Boi Taulleko eski estazioan jokatu zen. Itxita zegoen eremu batean eskiatzaileek, ibilbide gorabeheratsu batean, hiru faseri egin behar izan zieten aurre: sailkapenak, finalerdiak eta finala.

Seniorretako euskal ordezkari sasoikoenak, Quincocesek, ez zuen egun ona izan. Finalera iritsi zen, baina akats tekniko baten ondoren, lehen postuetan sailkatzeko ez zuen aukerarik izan. Zehatzago esanda, finaleko lasterketa utzi egin zuen.

Promesa mailan, berriz, Pablo Oderizek zilarra eskuratu zuen. Juniorretan, bestalde, podiumera bi euskal ordezkari igo ziren. Oraingo honetan, Ajuriak bigarren postua lortu zuen, eta Urbizuk hirugarrena.

Eta azken euskal podiumari dagokionez, aipatu behar dugu Igor Alzelaik, beteranoen A mailan, brontzea eskuratu zuela.