GARA Euskal Herriko egunkaria
FIPA JAIALDIA BIARRITZEN

HOZBEROA, USAINA ETA MUGIMENDUA GEHITU ZAIZKIE IKUS-ENTZUNEZKOEI

BELLEVUE JAUREGIAN, SMART FIPAKO GAILUAK BILTZEN DITUEN GELARA SARTZEAN, ERREALITATE BIRTUALEKO BETAURREKOAK ZITUZTEN IKUSLEEKIN BATERA, BEREZIKI DEIGARRIA ZEN SENTSOREZ BETERIKO KUBOA IKUS ZITEKEEN, ZEINAK BEROA, HOTZA ETA USAINA SORTZEKO GAITASUNA DUEN.


Urtero bezala, berritasunik berrienak deskubritzeko parada ematen du Biarritzeko Ikus-entzunezko Nazioarteko Festibalak: Smart atalean profesionalekin batera publiko zabalak esperientzia harrigarriak bizitzeko parada du. Aurtengo izarra “Cosmic sleep” instalazioa da, sentsorez beteriko sare baten gainean eta aurpegia ere estaltzen duen beste bat gainetik jarrita eguzki-sisteman barnako bidaia proposatzen duena.

Ahots batek gidatuta, Neptunotik eguzkiraino eta berriz bueltan Lurrerainoko bidaia egiten da, planeta batzuen ondotik pasatzean hotza edo Eguzkira hurbiltzean beroa sentitzen da, eta planeta bakoitzaren konposizioari dagozkion material kimikoen usainak antzematen dira. «Bi zentzumen horiek gure burmuinean barnerago doaz, eta esperientzia indartsuagoa da», baieztatu zuen instalazioaren kudeatzaile Roelof Tydens nederlandarrak.

Errealitate birtuala

«Errealitate birtualean lan egiten dugun enpresei festibaletara joatea gustatzen zaigu gizartea ‘ebanjelizatzeko’, ikusleengana zuzenean heltzeko», adierazi zuen Smart FIPA-ren kudeaketan ari den Herve enpresako Guillaume Lucasek. Jaialdian izateak duen garrantziaren beste alderdi bat ere nabarmendu zuen: «Horrelako tokietan sorkuntzaren egoera zein den ezagutzen da, artistek sortzen dutelako teknologia hauen lengoaia, eta tresnak horren ondotik garatzen dira».

Teknologia berri horiek zein harrera duten ikusteko gune ezin hobea da FIPA. Ikusleak aulki mugikor gorrietan ikus zitezkeen, betaurrekoak eta kaskoa jantzita, bueltaka, gora eta behera begira. “The Artic” izan da bertan aurkeztu den filmetako bat. Hiru minutuan Artikoko irudiak agertzen dira, klima aldaketak izan duen eraginari buruzko informazioa entzuten den bitartean.

Errealitate birtuala urrunago eramaten duen “La camera insabiatta” proiektua ere bada. Oihalezko denda baten barnean, betaurrekoak jarrita eta eskuetan bi gidaritza tresnarekin ibiliz ingurua erabiltzailearen nahira moldatzen da, eta sentsoreen bitartez ikuslearen norabidea kontrolatzen da, etxolaren mugak irudikatuz.