Arantxa Manterola
Kazetaria
JO PUNTUA

Bigarren mailakoak

Lerrook idazten ari naizela, Estatu frantseseko kartzelarien gatazka ez da erabat baretua, nahiz eta sindikatu batzuek Justizia Ministerioarekin izandako negoziazioen ondoren blokeo mugimendua uztea deliberatu duten. Blokeoa edo greba? Teorian, ez bata ez bestea, legez, segurtasun publikoan diharduten funtzionarioak izaki, beren egitekoa bermatu behar dutelako, ezinbestean.

Ez naiz hasiko kartzelariek greba egiteko eskubidea izan beharko luketen ala ez aztertzen, ogibide horrek ere bere gorabeherak baititu. Ulertzekoa da, gainera, beren segurtasun fisikoaz kezkatzea. Duela bi aste hiru espetxezaini preso jihadista batek eginiko erasoa izan da mugimendua piztu duen pospoloa.

Mugimendu horrek erabat beren menpe dauden presoengan duen eraginaz gogoetatzea da nire asmoa. Jar gaitezen haietako baten buruan: 9 metroko ziegan, 9 egun atera gabe, ez dutxara, ez patiora, ez jardueretara; bere zaborra jaso gabe; ekonomatuko produktuak jaso gabe, tabakoa salbu (beharrik!). OIPk (Presondegien Nazioarteko Behatokia) jakinarazi duenez, Moulins-Yzeureko preso batek urgentziazko bidetik epaitegian jarritako lehen salaketa izan da.

Beste ondorio batzuk: sendagilearekin edota abokatuarekin dituzten hitzorduak bertan behera geratzea, korreoa ez jasotzea, familiaren bisitak galtzea… (euskal presoen senide batzuei ere gertatu zaie).

Zerbitzu publikoko beste eremuetan halakoak gertatzen direnean ere askok ondorio txarrak pairatzen dituztela pentsatzen ariko da baten bat. Esaterako, garraiorik gabe geratzen direnak, zahar etxeetan daudenak, gaixoak… Jakina, baina gutxieneko zerbitzuak bermatzen zaizkie eta gehienetan, familia edo zerbitzu pribatu baten bidez, nola edo hala hutsuneei aurre egiteko alternatibak izan ditzakete… aske daudelako!

Kalapita hazi arte, Gobernuak ez ditu apenas erabili bere esku dauzkan tresnak. Adibidez, grebaren 9. egunera arte ez die eskatu espetxe-zuzendariei zehapenak abiatzea greban dauden kartzelarien kontra. Presoak bigarren mailako herritartzat dituela (ditugula?) adierazten du honek ere.