Josebe EGIA
ZIRIKAZAN

Inutila

Baliorik gabea da bere lana betetzen ez duena, bere lana zein den ere argi eta garbi baino garbiago ez duena. Alferrikakoa da erantzukizun politikoa izatea, eta ez preseski ardura txiki edo zeharkako edo bazterrekoa, eta kontu politikoez ez arduratzea, biztanle zenbaiten diskriminazioaz, esate baterako, biztanleriaren erdiaren lan-munduko arazoez, biztanleriaren erdiari aurpegian bertan eta inongo oztoporik gabe lapurreta egiten diotenez. Soldata-arrailaz, enpresa(ri) askok eta askok emakumeon bizkarretik kostuak murrizteko eta gutxi batzuen etekinak handitzeko sistematzat duten eta gobernuak munduko gauzarik normalena balitz bezala baimentzen duen horretaz.

Baliogabea da, herrialde oso bat gidatzeko eta zaintzeko, herrialdeko biztanleen erdiek merezi dituzten justizia eta ongizatea bermatzeko eginkizunak beretzat jotzen ez dituena, horretan inolako esku-hartzerik izan behar ez duela pentsatzen duenak, lapurreta eta herrialdea sostengatzen duten herritarrei begirune zipitzik eza norberaren mesederako modus operandi ohiko eta arrakala ezineko gisa ezarrita langileei zor zaiena lapurtzeak eskandalizatu egiten ez duena. Ez du ezertarako balio herrialde bateko errealitatetik at, herrialde bateko herritarren borroka justu eta beharrezkoetatik at, haien gatazkei eta kezkei muzin eginez, lotsa-izpirik gabe egin ere, gobernatzen duenak. Gobernatzen duenak, berari komeni ala ez, etengabean legerik gorenenak aipatuz, legea betearazi behar dela esanez; berari komeni ala ez, legerik gorenetan ezarritakoak, etxebizitza eta lan eskubideak, esaterako, betearazteko atzamarrik mugitu gabe.

Inutila da umeek ere aparteko arazorik gabe ulertzen dutena, alegia, lan berdina = soldata berdina, eragiketa matematiko oinarrizko hori, ezin hautsizko arau izan behar duela konprenitzen ez duena; konprenitzen ez duena horren gauza sinple eta gauzatzeko errazak ezin duela egon sistematizatu gabe, giderrak eskuetan dituztenen (boteretsuen, dirudunen) gogoaren arabera. Inutil hutsa besterik ez da arduradun politikoa, eta ondorioz lehen mailako (eta edozeinetako) agertoki politikotik kanpo egon behar luke, lan berdina = soldata ezberdina existitu ere ez egitea bere lehentasunen jomugan jartzen ez duena. Politikarako ezgauza da inon sartu beharrik sentitzen ez duena, gizonezkoen botere eta pribilegioen onerako emakumeok espezie zapaldua izaten jarrai dezagun.