Iratxe Esnaola
Hezkuntzan doktorea
JO PUNTUA

Interneteko bitartekariak eta monopolioak

Duela hamar urte Internetek bitartekariak desagerraraziko zituela zirudien. Internetek dena klik bateko distantzian kokatzen zuela. Erabiltzaileak eta sortzaileak elkarrengana gerturatu egiten zituela. Eta kontsumitzaile eta hornitzaileen arteko komunikazioa zuzenagoa bilakatzen zuela. Baliteke, hasiera hartan, zenbait sektoretan bitartekarien ezabatzea gertatu izana: musika, zinema eta eduki kulturaletan, batez ere. Eta garai hartan bitartekari ziren asko desagertu egingo ziren. Eta bitartekaririk gabeko sektoreak lehiakorragoak zirela argudiatzen zen. Baina gauzak asko aldatu dira: orain, egunero-egunero, bitartekari izateko helburuarekin sortzen diren plataforma digitalak ditugu.

Aitortu behar dut Interneten dagoen informazio ugaritasuna nolabait antolatu eta ordenatzeko beharra dugula erabiltzaileok. Nolabait, guk geuk behar ditugula bitartekari horiek: informazioa eta eskaintza antolatuko diguten plataformak. Sinpleki eta orokortuta: Google da bilatu nahi dugun horren eta gure artean dagoen bitartekaria; Facebook (eta bere Whatsapp) gu eta gure ingurune sozialaren artekoa; Amazon, «gu kontsumitzailearen» eta erosi nahi dugunaren artekoa; Airbnb, ostatu hartzeko; Uber eta Cabify, autoz mugitzeko; BlablaCar, autoa partekatzeko; Booking, hotel bat bilatzeko; eta gisa horretan. Sektore bakoitzean bakarra nagusitzen da. Internetek «garaile bakarraren ekonomia» ereduari erantzuten diola esaten dute ikerlari askok.

Bitartekariak ugaldu egin dira Interneten. Monopolioak ere bai. Mundura berdintasuna eta aniztasuna ekarri behar zuen Internet monopolioen paradisu bilakatu da. Eta monopoliorako joera, Interneten joera naturala da jada. Interneten sortzaile Tim Berners-Lee-k «On line Konstituzio» baten beharra ikusten du, erabiltzaileen eskubideak defendatzeko. Teknologia libreen mundutik, monopolio horien alternatibak sortzea proposatzen da. Eta horiekin batera, ekonomia digitalaren erregulaziorako politika ausartak beharko dira.