Ego hautsezin hori
Laneko bazkari batean izan zen; ez lanarekin loturiko batean, lankideekin batera aisialdi apur batez gozatzeko batean baizik. Hala ere, pertsona batzuk erabat ezgai direnez lan-kontuak lantokian uzteko, azkenean tarte bat eskaini behar izan genien beharreko kontuei. Txinparta eztabaidatxo bat izan zen, txantxa bat matxista zen ala ez deliberatzeko. Azkar batean, denetariko iritziek hauspotuta, sugartxo hori sute bilakatu zen, ika-mika oro har genero-berdintasunera hedatuta, kontzeptuak berak berekin dakartzan edo ez dakartzan edo ekarri beharko lituzkeen edo ez lituzkeen ertz guztiak mintzagai, genero-berdintasunaz ari garenean zertaz ari garen oso argi ez bagenu bezala, eta, are okerrago, gizonak bando batean eta emakumeak (batzuk, jakina: feministaegiak) beste batean bageunde bezala. Batzuok, nolabait, besteak gutxiesten ariko bagina bezala: gure etengabeko aldarrikapenekin, jendarteko arlo guztietan sexismoaren arrastorik ñimiñoena ere salatzeko gure behar honekin, txorakeria bat bera ere onartzeko gure ezintasun honekin, gure gehiegizko umore ezarekin, gure zorroztasun gogaikarri honekin, gure azkenaldiko feminismo-olatu itogarriarekin…
Ez da ez daudela gure alde, ez da ez datozela bat gure eskakizunekin, ez da emakumeoi justizia soziala zor zaigula pentsatzen ez dutela. Barru-barruan, bat datoz pertsonon arteko berdintasun benetakoa erdiesteko zerbait egin beharrarekin, zer edo zer esparru guztietan eta etenik gabe, inurritxo-jardun horrekin. Berdintasuna giza filosofia eta jendartearen oinarri gisa ez dute kolokan jartzen, horixe falta genuen! Baina… hori da gauza bat eta beste bat orain gertatzen ari dena, alegia, emakumeak nonahi, noiznahi, zernahi edota nornahi dela-eta ahotsa altxatzen, salatzen, egozten, aurpegiratzen ibiltzea; ahots horrek oihartzuna izatea, beste emakume batzuek bere egitea, are ozenagoa eta irmoagoa bilakatzea eta, bolbora balitz bezala, ziztu bizian hedatzea, hedatzea eta denera itsastea, lehenengo haize-ufadaz ez desagertzea. Gehiegizkoak dira zenbait ekintza, zenbait mugimendu, zenbait deialdi… zeinak emakumeok gure burua jartzen dugun erdigunean, gure egoera, gure borroka, gure etorkizuna, gure ikuspegiaren eta moldearen arabera, elkar hartuta emakumeok protagonista subjektu aktibo gidari. Gizonak, nolabait, bigarren mailan utziz; gizonak, guztiak, epaituz eta minduz. Egoak behingoz baztertuta milimetro bat bera ere aurrera egin ez bagenu bezala.