Xabier Izaga
Kazetaria
IKUSMIRA

Arazoak ostikoka «konpontzen» direnean...

Orrialdeotan irakurri nion Iñaki Esparza EHUko Zuzenbide Prozesaleko katedradunari, adin txikikoen erantzukizun penalaz ari zela, Iraia Oiarzabalek tentsio eta beldur egoeran segurtasun eta zigor diskurtsoari heltzeko joera aipatu zionean: «jendartea erraz manipulatzen da, batez ere tentsio egoeran. Hedabideen ardura mezu egokiak izatea ere bada (...) jendarteak, berotzeko, pankartako mezuak behar ditu». Hezitzaileek, soziologoek, psikologoek, Zuzenbide munduko profesionalek behin eta berriz esaten dute arazoei hotzean heldu beharra dagoela. Bat dator Esparza horrekin ere. Arazoak lehenengo aztertu egin beharra dago, konponbideak bilatzeko. Bestetik, beren tamainan, handitu edo txikitu gabe, eta diren bezala azaldu beharra dago. Ez dira egun batetik bestera konpontzen, are gutxiago modurik gordinenean agertzen direnean. Hain zuzen ere, beren gordinenean azaltzea saihesteko estrategiak prestatu beharra dago. Horrek denbora eskatzen du, eta lana, eta dirua.

Agerpen gordin horietako batek –eta bozgorailuek– eragindako tentsio egoeran, ordea, horrelako analisiak txorakeria hutsa bihurtu ohi dira, eta ez da sekula falta izaten ostiko batez konpontzeko prest dagoenik. Orain, berriro ere, M. Rajoyren txanda izan da. Betiko errezeta eskaini du, «hobetua». Biziarteko kartzela zigorrak emaitza ezin hobeak eman ditu, nonbait, eta kasu gehiagotan aplikatu nahi du. Jendarteak hala eskatzen omen duelako. Baliteke, baina neurri horrek nekez saihestuko du inolako deliturik, zigorra delitua gertatu ondoren aplikatzen baita.