GARA Euskal Herriko egunkaria
JO PUNTUA

Zaunkor


Euskaraz zakur, txakur edo or esaten zaio gizakiaren lagunik onenari. Gure lagun bihurtu aurretik beste izen bat zuen, otso. Rhin ibaiaren haranean dauden Bonn-Oberkasseleko hilobietan aurkitu dute orain arteko Europako txakurrik zaharrena. Gaur 14.500 urte izango lituzke eta orduko gizakiek eurekin batera lurperatu zuten.

Oso interesgarria da otsotik zakurrerako milaka urteetako bidea. Arloko adituen arabera, guk zakurra hezi baino, berak erabaki zuen gurekin bizitzea, oraindik otso zenean. Horren zergatia gure espeziearen ezaugarri nagusietako bat da, sortzen dugun zabor pila. Arkeologiak dio bizilekuen kanpoaldean pilatzen zituztela ordukoek janari hondarrak. Otso batzuk, ahulenak, gauez hurbiltzen hasi ei ziren, negu gogorretan baino ez hasieran, sarriago ondoren.

Gizakia arin hasi omen zen bere zabortegiko zaindariak onartzen. Gizakiok baino askoz lo arinagoa zuten eta inor zetorrenean zaunka ozen bezain etengabe egiten zuten. Rober Wayle ikerlari ospetsuaren ustez, alarma zerbitzua eskaini ziguten gure janari soberakinen truke.

Orain arteko aurkikundeen arabera, denbora luzea igaro zen orak alarma zerbitzu izatetik ehizarako edo artzaintzarako baliatzeko beste etxekotu arte. Ondorioz, mende luzeetan gure soberakinen truke lasaiago lo egiteko aukera izan zen zakurren eta gure arteko hartu-eman bakarra. Antropologiaren ikuspegitik logikoa litzateke «zakur» hitzaren jatorrian «zaunkor» (zankor, zakor, zakur) egotea, alarma funtzioa zuten hondakinzaleak «orso» basatiengandik bereizteko.

Zakurrei, denboraren poderioz, otsoengandik genetikoki bereizten dituen alterazioa sortu zitzaien, atzerapen mental txiki bat, Williams-Beuren sindromearen antzekoa. Horri esker, autonomia galdu arren, otsoak baino maitekor, abegikor eta esanekoagoak dira, gurekin. Otsokumeen izaera mantentzen dute bizitza osoan zehar.

Otsoak, inteligenteagoak eta autonomoagoak, gure soberakinak janez bizi nahi ez zutenak, aspaldi akabatu genituen.