Eskularru erraldoiak San Telmo museoan
Migel Joakin Eleizegi Altzoko Handia zenaren objektu pertsonalak non ikusi zituen ondo oroitzen du Jon Garaño zinema zuzendariak. Donostiako San Telmo museoan izan zen, eskolarekin egin zuen irteera batean. Bere pasarte horrek propio batera eraman nau: neuk ere ez dut ahaztu non ikusi nituen bere eskularruak, erraldoiak zinez. Han jarraitzen dute, goiko solairuan, kristalezko kutxa batean ondo zainduak.
Noiz edo noiz joaten ginen Orixe ikastolarekin San Telmora. Etxean bertan egiten zen txangoa zen, baina oso interesgarria suertatzen zitzaigun. Arrantzaren mundua, abeltzaintzarena, baserriko bizimodua, eta urteen joan-etorriak desagerrarazitako mila traste eta usadio, baita garai berriek munduratu zituzten hamaika tramankulu ere.
Geroztik, oso maiz bueltatu izan naiz Urgullen magaleko txoko honetara, behin-behineko erakusketa berria iragartzen duten aldiro. Batzuetan besteetan baino gehiago gozatu dut, baina jakin-min hutsak bultzatzen nau bertaratzera. (Barruko eliza hiriko ederrenetakoa da, portzierto).
Eta Garañok kontatzen zuen pasarteak kendu zion hautsa lagunartean izan nuen elkarrizketa bati. Asko ziren museoa geroztik bisitatu ez zutenak; batzuk sekula. Bertan izate horrek kuriositatea akabatuko balu bezala…
Bidaiatzen dugunean atzerriko museoetara joan ohi gara (jakina); ez ote gaude, ordea, etxekoari bizkarra emanda? Noiz bisitatu zenuen herriko museoa azkenekoz? Espero gabe gerta daiteke (ziur) bertan topatzea galdera bati erantzuna, edo film handi baten hazia.