FEB. 10 2018 HAUR LITERATURA Sanctum est Lore AGIRREZABAL Umetan, gehienontzat, familia izan ohi da gure gotorlekua. Bertan jasotzen dugu hazteko elikagaia: maitasuna, goxotasuna, zorroztasuna, balioak, irizpideak… Baina horien neurria eta izaera ez dira beti umeak nahi bezalakoak izaten, gurasoen araberakoak baizik; eta haiek ez ditu haurrak hautatzen, emanda baitatoz. Hala ere, Mendebaldeko kultura kristauak dioenez, noizbait Ekialde Hurbilean izan omen zen familia aukeratu zuenik; seme hark eta bere gurasoek Familia Santua osatu zuten. “Santa familia” liburuko protagonista ere hiru senideko familian bizi da, baina bera neska da eta XXI. mendeko Euskal Herrian bizi da. Hala ere, bi sendien artean badira zenbait antzekotasun. Sorkunde eta Teodoro gurasoak eta horien alaba dira komiki-liburu honetako protagonistak. Sorkunde euskal herritarra eta euskalduna da, dietista eta katekista; Teodoro, berriz, jatorriz ginearra, ingeniari izatearekin amets egiten duen elektrizista alfer eta berekoia. Nora dute alaba, bere bizitzako une erabakigarrian bizi den nerabea; nora jo asmatu ezinik dabilen neskatoa. (Maskota bat ere badute, txakur bat-edo). Norak, ordea, sekretu bat du, orain arte zintzo gorde duena baina lehertzear dagoena gurasoekin kokoteraino eginda baitago, nerabe gehienak bezala. Horrela, ordura arte itxuraz egonkor eta banaezina zen familia biluzik eta hautsita geratuko da. Bakoitzak bere lekua bilatu beharko du egoera berrian, baina hirurak lotzen dituen haria nekez etengo da. Adoleszentzia eta gurasotasuna dira liburuaren bi ardatz nagusiak. Noraezean dabilen nerabeak, eta, ordura arte, bere lema izan diren gurasoek eta haien aginteak talka egitean sortzen da eztanda. Beste edozein familiatan bezala, baina ez guztiz, familia honek sekretu bat baitu. Umorez, ironiaz eta maltzurkeria ukitutxo batzuez osatu dute istorio bizi hau Eider Rodriguez idazleak eta Julen Ribas ilustratzaileak. Gazteek nahiz helduek (bereziki, nerabeek eta gurasoek), beren buruaren isla ikusiko dute hainbat egoeratan. Besteak beste, oso ona da 18 urteko garantia duten klase ertaineko aiten eta amen katalogoa: aita-ama klasikoak eta modernoak umore eta ironia handiz irudikatu dituzte. Biek ala biek oso ondo asmatu dute istorioa Mendebaldeko kultura kristauaren eraginekin zipriztintzen (nabarmena da hori tituluan, irudikatutako familia ereduan…). Baina tartean fenomeno paranormaletara gerturatzen diren keinuak ere oso egoki eta neurrian sartu dituzte. “Santa familia” komikia “Xabiroi“ aldizkarian atalka argitaratu izan da, Ikastolen Elkartearen baitan duela hamabi urte sortutako komiki-aldizkarian, hain zuzen. Orain, berriz, kapitulu guztiak album berean bildu dituzte, Xabiroi liburu-bildumako 10. albuma osatuz. Emaitza, zenbakia bezain biribila geratu zaie eta eskertzekoa da, oso, hain urria den euskarazko gazte literaturan.