Amalur ARTOLA
DONOSTIA
Interview
JUAN ANTONIO URBELTZ
FOLKLORE IKERTZAILEA

«Mozorrotzen garenean, ez badakigu ere, zomorro bilakatzen ari gara»

Intsektuak. Juan Antonio Urbeltz-entzat (Iruñea, 1940) hori da inauteriak ulertzeko gakoa. «‘Morir’ en la hoguera el Martes de Carnaval. Representaciones dramáticas en Lantz y Lastovo» (Pamiela) saiakeran XX. mendean nagusi izan diren teoria antropologikoak hankaz gora jarri eta inauteriak intsektu izurriteak uxatzearekin lotuta daudela nabarmendu du.

2006. urtea zen. Juan Antonio Urbeltz eta Marian Arregi Lastovo-ra –700 biztanleko herri kroaziarra– joanak ziren inauterietako igande eta astelehena bertatik bertara ikustera, bai baitzekiten Euskal Herrikoekin loturak nabariak zirela. «Oso interesgarria da, Lantz eta Lastovo bi inauteri kontrajarri direlako. Lastovoko artisauek astelehenarekin Poklad izena duen lastozko panpinatxoa, 1,20 metroko garaiera besterik ez duena, osatzen dute; Lantzen, aldiz, Miel Otxin dugu, erraldoia. Lantzen, erraldoiak herritik ihes egin nahi du eta txatxoek ez diote uzten; eta Lastovon herrira sartu nahi du eta ez diote uzten. Lastovokoan analogia interesgarria dago: inbasio militar mehatxua oti izurrite baten bidez antzezten dute», azaldu du Urbeltzek.

Bi inauteri horien gaineko zehaztapenak bildu ditu “‘Morir’ en la hoguera el Martes de Carnaval. Representaciones dramáticas en Lantz y Lastovo” ikerlanari amaiera ematen dion atalean. Eta zati horretan baieztatzen dituenak irakurleak behar bezala interpretatu ahal izateko, liburuaren mamia eskaintzen dio ikertzaileak inauteriek atzean gordetzen dituzten esanahiak aletzeari, bere tesia defendatzeko: inauteriak zomorro izurriteak uxatzeko erritualak dira.

«Uraletatik Bizkaiko Golkora arteko tartea aintzat hartuta inauteriak egitate kultural unibertsal diren heinean, ez du zentzurik banakako azalpenak bilatzeak, herri bakoitzak bere inauterien interpretazio indibidualak egiteak», arrazoitu du Urbeltzek, eta inauteri ezberdinetan bi intsekturen adierazpideak topatu dituela baieztatu du: otia eta eltxoa. Izan ere, bere ikerlanetatik ondorioztatu duenez, inauteriak zomorroei sarrera galarazi eta uztak honda zitzatela ekiditeko erritualak izango lirateke, eta hori, bere hitzetan, agerikoa da inguruko hainbat inauteritan, Ituren eta Zubietakoan kasu. «Bertan behorren isatsa eta zintzarria erabiltzen badira zerbaitegatik da. Lehena astinduz uxatzen ditu animaliak gorputzeko alde bigunetara doazkion otiak, eta zintzarriaren xedea ere berbera da, lepoan jarrita otia edo eltxoa gune horretara gerturatzea ekiditen du. Eta, Ituren eta Zubietan bezala, Europan, hemendik hasi eta Bulgariara bitartean ospatzen diren inauteri guztietan, zintzarria badarabilte otiaren aurka egiteko da», ziurtatu du ikertzaileak.

Bere tesia defendatzeko adibide europarrak ere eman dizkigu, tartean Sardinia eta Bulgariako inauterietakoak. «Sardiniako Mamoiada-ko mamuthon-ek 40-50 ezkila txiki daramatzate bizkarrean, Bulgariako Karlovo eskualdeko kukeri-ek zintzarriak... Oso ohikoa da. Nire aita Lintzoaingoa zen, Erro bailarakoa –hasi da oroitzen–, eta artzain ibiltzen zen Sorogainen eta askean zaldiak eta behorrak izaten zituen. Baztan aldetik lainoa sartzean, bazekien non zebiltzan zintzarriak aditzen zituelako, baita zein etxetako animaliak ziren ere, etxe bakoitzeko zintzarriek soinu jakin bat zutelako». Baina hori ez da guztia: zintzarriak otitik babesteko ere erabiltzen zirela defendatu du.

«Zergatik diodan hori? Artisauek egindako zintzarriek gurutze bat izan ohi zuten zizelkatua, gaizkiaz babesteko ikur absolutua». Liburua hartu, 93. orrialdean zabaldu eta marka ugari dituen zintzarri greziar bat erakutsi digu: «Ikusten dituzu marka hauek? Europa ekialdean ez da galdu ohitura hori. Marka hauek egiten dituzte lepoan zintzarria zergatik jartzen den jakin dadin, otiaren aurkako markak dira. Marka horiek egiten dituzte adibidez kukeri bulgariarrek, eta eskumako eskuan zaldiaren isatsa eraman beharrean oihal zuri bat daramate, helburu bera duena: otia uxatzea».

Ikerlanaren bidez XX. mendeko antropologiari kritika egiten dio Urbeltzek eta, bere tesia azaltzeko, mairuak ere izan ditu hizpide. «Baina islamaz aurretiko mairuez ari naiz. Zer gertatu da Ingalaterran? Mairuen dantzak dituzte, moorish dances. Gure tradiziozko dantzen oso antzekoak dira, kaskabiloekin, banda gurutzatuekin, loreekin... oso gertuko zerbait», zehaztu du Urbeltzek, eta kontatu du Violet Alford etnologo eta folklorista britainiarrak 1920ko hamarkadan Biarritzen oporretan zela euskal dantzak lehendabizikoz ikusi zituenean nola idatzi zion Cecil Sharp-i, hau ere folklore ikertzailea, ikusi zuenaren berri emateko: «‘Badakit non dagoen dantza horien jatorria! euskaldunek dantzatzen dituzte!’, idatzi omen zion –azaldu du, barrez– ze, noski, ez gaude mairuak izateko bezain hegoaldean kokatuak».

Sharpek hainbat gutun trukatu zituen Telesforo Aranzadi euskal antropologoarekin, eta honek «gureak ez duela zerikusirik mairuekin baieztatu zion. Zer gertatu zen orduan? Ezin zutela moorish hori azaldu. Kontu historikoren bat zela pentsatu zuten, baina historialariek ulertu ez dutena da Moor hori moorlandekin dagoela lotua, zingira alegia. Eta, nor bizi da zingiretan? Zomorroak».

Bere tesia defendatzeko beste adibide bat ere jarri du. Berriro ere liburua esku artean hartu eta bi koadro erakutsi dizkigu (83-84. or.). Lehenean, mozorro (zamorro, txatxu, mumu, mamutxarro, kukumamarro...) eta zomorro (samorro, momu, marmutx, kükümarro...) hitzen sinonimoen loturak egiten ditu: «Berdin-berdinak dira. Zomorro eta mozorro esaten dugu hemen eta, beraz, mozorrotutako pertsona, ez badaki ere, zomorro bilakatzen da. Orain hona mozorrotutako haurrak sartu eta dirua eskatzen badigute, hamarrenak ordaintzen ariko gara. Hamarrenak ordainduko dizkiegu zomorroei eta, beraz, martxoan-apirilean beroa iristen denean ezingo dute etorri bigarren aldiz eskatzera, jada ordaindua izango dugulako».

Okerrekotzat jotzen dituen XX. mendeko teoria antropologiko nagusien erroa liburu batean dagoela uste du Urbeltzek: James Frazer-en “Urrezko abarra” (“The Golden Boug: a study in Magic and Religion”, 1890). «Gerora erabiliak izan diren eta zentzurik ez duten irizpide antropologikoak darabiltza Frazerrek», agertu du, eta Ituren eta Zubietako inauteriak jarri ditu adibide: «Frazerrentzat, zarata gaizkia kanporatzeko baliabidea izango litzateke, baina ez da hala; zarata, sar dadila ekiditeko da. Gaizkiari beti eragotziko diogu sarrera, hotza egiten badu berokia jantziko dut, hori horrela izan da beti, eta antropologiak, soziologia barne, gaizki interpretatu du hori».

Ugalkortasun erritualez ere mintzatu zen Frazer eta horri ere kontra egiten dio Urbeltzek, «naturan, ugalkortasuna ez delako existitzen. Natura gaizkiaren eta ongiaren arteko betiereko borroka bat da. Ongia gaizkiaren absentzia da. Nire amaren herrian, San Martin Unx, ardoa egiten dute. Egun eguzkitsu zoragarri batean, arratsaldeko zazpietan Tafalla aldetik laino iluna sartu, kazkabarra bota eta mahastia honda dezake. Non dago hor ugalkortasuna? Ugalkortasuna naturaren legeetako bat balitz eta kontrolatu ahalko bagenu, Lurra paradisuko lorategia litzateke. Ez dakit natura kontrolatzera iritsiko ote garen, baina, gaur-gaurkoz, hori ez da posible».

Urbeltzen iritziz, antropologoek egin dituzten «okerreko interpretazio» horien oinarrian ezjakintasuna dago. «Frazer, adibidez, katedratikoa zen. Ingurune erraz, eroso batean bizi zen, ez zuen landa munduko ezagupenik. Baina baserritarrak badaki naturan edozer gerta daitekeela, eta beti dago adi: goizean esnatu eta haizea nondik datorren zelatatzen du, lainoei begiratzen die... uzta hondatzeko beldurrarekin bizi izan da milaka belaunaldiz».