FEB. 12 2018 ZIRIKAZAN Planto, hala ere Josebe EGIA Bada, badakizu hileko soldatatik egun hori deskontatuko zaizula, kar-kar», bota zidan lankide batek Martxoaren 8an greba egiteko asmo osoa dudala erantzun nionean. Kar-karra ez dakit oso ondo zerk eragin zion… beharbada, nire ohiko eskasia ekonomikoa nik neuk zelan handituko dudan ikusteak; beharbada, pentsatzeak gehienbat emakumez osatutako gure erakundean andrazko lankide gehienen erabakia egun horretan nire bera baldin bada diru-kopuru polita aurreztuko duela erakundeak martxoko nominetatik, modu ezin ironikoagoan: erakundeko emakumeon bizkarretik, Emakumeon Nazioarteko Egunean, gure eskubideak eta benetako berdintasuna aldarrikatzeko adierazpenez eta manifestazio hutsez harago joango garen aurreneko aldian. Ni neu, ordea, ez nago kezkatuta martxoaren 8an beharrera ez joateagatik poltsikoratzeari utziko diodan diruagatik, baizik eta egun horretan aurrera aterako ez dudan lana martxoaren 9koaren azpian zain izango dudalako, urgente askoa bilakatuta, gainera. Inork ez baitu egingo nire ordez, besteak beste, inor gutxi egongo delako (hala espero dut) egun horretan bulegoan. Zenbat emakume ote dago, greba egingo dutenen artean, ni bezala kezkaturik, gogoetatu eta gogoetatu martxoko bigarren ostegunean egin/erosi/zaindu/artatu gabe lagako duen guztia bere inguruan inork egin/erosi/zaindu/artatuko ote duen; kezkaturik, eta seguru dagoeneko kulpa-sentimendu txiki-handiaz ere, ostegun horretan senideei edota lankideei edota bezeroei eragingo dien askotariko arazoez. Irmo eta serio, baina, norberaren printzipioen arabera jokatzeko konpromisoan, gainerako emakumeekin bat eginda munduaren izatean eta funtzionamenduan zer balio ordezkaezin dugun frogatzeko ekintzan, ez dirudienez gero oraindik gauza nabarmena eta denok tinko balioestekoa denik (sinestezina eman arren). Eta, hala ere, kezkaturik ez preseski diruagatik ez besteren etekinengatik ezta norberaren poltsikoagatik ere, beste horiengatik guztiengatik –alegia, bere beharra duten inguruko pertsonengatik– baizik, eta bere egunerokoari erantsiko dion geroratutako lan-zamagatik ere bai. «Eta zuk, zuk zer egingo duzu martxoaren 8an?» bota nion lankide adarjotzaileari, inolako kar-karrik gabe neu. Begira-begira geratu zitzaidan, inoiz jorratu gabeko esparruetan sartzerakoan sentitu ohi den heldulekuen eta jarrera hitzartu ofizialen babesik ezak estututa: «Zuen ustez, zer egin behar genuke gizonok?». Zuengandik erabat aparteko geure borroka balitz bezala jokatzeari utzi, hasteko.