Mikel Aramendi
Kazetaria
JO PUNTUA

Tradizio militarren etendura

Umekeria» izan da lehen hitza Trumpen azken ateraldiaren aurrean. Washingtonen desfile militar erraldoia «a la française» egiteko burutazioak, milioika txantxarekin batera, Etxe Zuriko apopiloaren adimenari eta erreferentzia politikoei buruzko kezka serioak hauspotu ditu. Eta, isilagoan, ekimena zapuzteko mugimenduak ere bai.

Itxuraz, Pentagonotik urruti gabekoak dira serioenak. AEBetako Armada inoiz ez da desfile-zalea izan, ez bada kuarteletan; eta Trumpek Pennsylvania hiribidean nahiko lukeen hardware pilaketak ikaragarrizko kostua (eta arriskua) izango luke. Baten batek, gainera, Aita Fundatzaileen tradizio erromatar errepublikanoa gogoratu du... Ez alferrik.

Vietnamera ez joateko trikimailu guztiak erabili zituen Trump ez genuke gutxietsi behar, halere. Ez dakit keynesianismo militarraren kontzeptua inoiz aditua ote duen, baina intuitiboki bederen hartara bideratzeko pauso argiak ematen ari dela dirudi: indar nuklearrak biderkatzea, aurrekontu militarra puztea... Horren erakusleihoak baino ez lirateke desfileak.

Arazoaren ifrentzua, noski, aurkari/lehiakideetan legoke. Horiek ere beste horrenbeste egitera behartzen dituelako. Baina historian izan diren arma-lehiaketak behin ere ez dira izan, Trumpek adierazi bezala, inoiz-erabiliko-ez-diren tresna-lehiaketa hutsak. Azkenean, erabili egiten direlako.

Horregatik, Trumpen tradizio-etenduraren inguruko gogoetak ikuskatu behar luke, aldi berean, AEBen lehiakide (alegia, etsai) nagusia izan behar duen Txinan ere gertatzen ari den tradizio militarren etendura. Batetik, AEBetakoaren kontrako norabidean doalako, kaleetatik ihes egin eta kuartel/entrenamendu-lekuetan bilduz.

Eta bestetik, azken hilabete hauetan, ohikoa, ohikoegia, bihurtzen hasi delako Xi-ren irudia, kanpainako uniformea jantzita, milaka soldaduren aurrean. Asaldagarria, haatik, hark bere soldaduei esaten diena da: «Ez zaudete desfileak egiteko; gerrak egin... eta irabazteko baizik». Ia hitzez hitz.