J.L.
sokatira

Gizonezkoen 600eko goma gaineko Euskal Herriko finala jokatuko da Ibarran

Euskal Herriko Goma Gaineko Txapelketako finala jokatuko da gaur, 17.00etan, Ibarrako kiroldegian. Beti Gazte, Gaztedi, Ibarra, Sokarri, Murueta eta Txantrea taldeak arituko dira lanean. Aurretik bi jardunalditako ligaxka jokatu zen, eta aipaturiko talde horiek lortu dute finalean sartzea.

Beti Gazte izan da lehen faseko talderik onena, eta hori kontuan hartzen bada, Lesakakoak izan daitezke txapela lortzeko faboritoak ere. Hala eta guztiz ere, garbi dago lehen fasean gertatzen denak eta finalean gerta daitezkeenak gauza ezberdinak direla, eta hori joan den asteko 640ko finalean ere ikusi ahal izan zen.

Dena dela, Gaztedi eta Ibarra ere ez dira ahaztu behar. Gipuzkoarrak etxean arituko dira eta lehen faseko aurreneko jardunaldian erakutsi zuten txapela lortzeko gai direla, onenak izan baitziren orduan, eta hori bera etxeko zaleen aurrean ere errepika dezakete. Gaztedi ere oso kontuan hartu beharko da. Bizkaitarrak 640ko lehen fasea irabazi ostean sartu ziren finalean, baina han ez zuten batere egun ona izan, eta garaipenetik oso aparte ibili ziren. Orain, ordea, arantza hori atera nahiko dute. Badirudi txapela hiru talde hauen artean egon daitekeela, eta itxura hori du, behintzat.

Emakumezkoak, berriz, 500 kilokoan lehiatuko dira, eta bigarren jardunaldia izango dute Ibarran. Aurrenekoan Badaiotz izan zen onena, eta badirudi aurten gasteiztarrak besteen gainetik daudela. Jadanik txapel bat irabazi dute, eta bigarrena lortzeko bideari ere bikain ekin diote, lehen jardunaldia irabaziz. Ibarra, Gaztedi, Txantrea, Beti Gazte eta Berriozar ere lehiatuko dira.

Ibarra ere kontuan hartu beharko da gaurko jardunaldian. Aurrenekoan bigarren postuan sailkatu zen arabarren atzetik, eta euren zaleen aurrean erakutsi nahiko du maila honetako txapela lortzeko gai dela. Maila honetan beste jardunaldi bat geratuko da jokatzeko.