J.L.
sokatira

Goma gaineko azkeneko finalak jokatuko dira

Euskal Herriko Goma gaineko Txapelketa amaitzera doa. Bi aste geratzen dira Txinako Munduko Txapelketarako, eta taldeak etxeko azkeneko lehiaketak jokatzeko prest daude.

Gaur Laukizko pilotalekuan izango da saioa, 17.00etan hasita. Bertan nesken 500eko hirugarren eta azkeneko jardunaldia jokatuko da, eta mutilen 560ko finala. Nesketan, bi jardunaldi jokatuta daude jada, eta ikaragarrizko deskalabrurik gertatzen ez baldin bada, txapela Badaiotzek eramango du.

Une honetan hiru puntu kentzen dizkie Gaztediri eta Ibarrari, eta txapela ia eskuetan du talde gasteiztarrak. Emozioa bigarren posturako egongo da Ibarraren eta Gaztediren artean. Berriozar, Txantrea eta Beti Gazte ere lehian izango dira.

Mutiletan, 560ko finala jokatuko da, jardunaldi bakarrera. Berriozar, Gaztedi, Beti Gazte, Ibarra, Murueta, Sokarri eta Txantrea taldeak lehiatuko dira. Azkeneko bi mailetan Beti Gazte izan da irabazlea, baina gaur ezin da ahaztu Gaztedi etxean arituko dela.

Bihar, berriz, saioa Bilboko Casillan izango da, 11.30ean hasita. Bertan 600eko mistoak lehiatuko dira. Talde bakoitzean lau neska eta lau mutil egon beharko dira. Hau ere jardunaldi bakarrera jokatuko da. Berriozar, Gaztedi A eta B eta Ibarra A eta B izango dira lehian arituko diren taldeak.