GARA Euskal Herriko egunkaria
sokatira

Gaztedi eta Badaiotz nagusi azken saioan


Badaiotzek eta Gaztedik lortu dituzte Euskal Herriko Txapelketako azkeneko txapelak, eurentzat izan baitira geratzen ziren hiru mailetako garaipenak.

Nesketan 500 kiloko hirugarren eta azkeneko jardunaldia jokatu zen, eta Badaiotzek ez zuen barkatu. Garaipena ia eskuetan zeukan, eta hirugarren eta azken jardunaldian ere ez zuen hutsik egin, azkeneko saioan ere bere nagusitasuna erakutsiz. Gaztedirekin berdindu egin zuen, eta gainerako tiraldiak irabazi egin zituen.

Bigarren posturako zegoen lehia handia Ibarraren eta Gaztediren artean, eta azken hauek atera ziren garaile. Berdinduta iritsi ziren azkeneko jardunaldira, baina bizkaitarrek eskuratu zuten bigarren postua eta gipuzkoarrek amaitu dute hirugarren.

Laugarren posturako ere lehia iragarria zen, eta horrelaxe izan zen. Berriozarren eta Txantrearen arteko dema zen, eta azkeneko jardunaldian Berriozar gailendu zen; horientzat izan zen laugarren postua, eta Txantrearentzat, bosgarrena. Azkeneko jardunaldian ez zen Beti Gazte aritu, eta sailkapena beraiek itxi zuten.

Mutiletan 560ko finala jokatu zen zuzenean, eta Gaztedik lortu zuen txapela, jokatutako tiraldi guztiak irabazita. Inori aukerarik eman gabe lortu zuen txapela. Bigarren postua Beti Gazterentzat izan zen. Lesakakoek borroka handia izan zuten Sokarrirekin, berdinduta geratu baitziren, eta kitarakoak erabaki zuen.

Atzetik, Ibarra, Berriozar, Murueta eta Txantrea sailkatu ziren. Nafarrek jokatutako tiraldi guztiak galdu zituzten eta ez zuten azkeneko postua uzteko inongo aukerarik izan.

Atzo, berriz, 600 kiloko mistoetako finala jokatu zen. Horretan ere azkeneko saioa jokatu zen zuzenean. Talde bakoitzak lau neskaz eta lau mutilez osatuta egon behar zuen. Gaztedi gailendu zen hemen ere. Jokatu zituen tiraldi guztiak irabazi egin zituen, eta denboraldiko azkeneko txapela eurentzat izan zen.

Bigarren postua eskuratu zuen Ibarra A taldeak. Gaztedi A taldearekin galdu egin zuen, baina jokatu zituen gainerako tiraldi guztiak irabazi egin zituen, eta horrek balio izan zion bigarren postu hori eskuratzeko. Gaztedi B taldea izan zen podiuma osatu zuena. Aurreko bi taldeekin galdu egin zuen, baina gainerako tiraldi guztiak irabazi egin zituen, eta hori nahikoa izan zen podiuma eskuratzeko.

Laugarren postua izan zen Ibarra B taldearentzat, baina Berriozarrekin sekulako lehia izan zuen.