Andoni ARABAOLAZA
MENDIKO ESKIA

Laura Sola eta Iñigo Lariz nagusi Bandres-Karolo hitzorduan

Hilaren 17 eta 18an Izabako mendietan jokatu zen. Kronoigoera zein banakako lehien denborak batu ondoren, Sola eta Lariz onenak izan ziren. Euskal Herriko Kronoigoera Txapelketarako baliagarria izan zen. Maite Maiorak eta Larizek euskal txapelak jantzi zituzten.

Hilaren 17 eta 18an, mendiko eskiko Bandres-Karolo Oroimenezkoa jokatu zen; hots, Euskal Herrian antolatzen den proba bakarra. Nahiz eta lehen egunerako banakako lehia iragarrita zegoen, eguraldi baldintzen ondorioz, 150 eskiatzailek kronoigoeran nor baino nor jardun zuten. Gainera, modalitate horri dagokionez, Euskal Herriko Txapelketarako baliagarria izan zen.

Izabako mendietan jokatzen den hitzordu honetan, Laura Solak eta Iñigo Larizek erakutsi zuten erregularrenak izan zirela. Beraz, bi egunetako denborak batu ondoren, uztarroztarrak eta elgoibartarrak irabazi zuten ekitaldi honetako Karolo-Bandres Oroimenezkoa.

Lehen lehia egunari dagokionez, aurreratu behar dugu Arrakotik Keleta alderako basoan erlojupeko ederra antolatu zutela. Denera, ibilbideak 4,5 kilometro eta 800 metroko desnibela izan zuen. Emakumezkoei dagokienez, Solaren eta Maite Maioraren artean lehia estua bizi izan zen. Juxtu basoaren irteeran, Keleta azpiko gandorrera iristear zirela, mendaroarrak uztarroztarrari hartu zion aurre. Helmuga puntuan Maiora lehena izan, 45:33 denborarekin. Ia minutu batera Sola heldu zen, eta hirugarren postua Igone Camposentzat izan zen, 47:30 denborarekin.

Gizonezkoetan, Larizek argi eta garbi utzi zuen modalitate horretan ondo baino hobeto jarduten duela; hots, espezialista handia da. Elgoibartarrak 38:58 denbora egin zuen. Bigarren sailkatuari, Mikel Navarrori 36 segundoko aldea atera zion, eta hirugarrenari, Javi Dominguezi, 51 segundo. Lehia horretan gailentzeaz gain, Maiorak eta Larizek Euskal Herriko Txapelketa irabazi zuten. Lehen txapela da Maiorarentzat eta zazpigarrena Larizentzat.

Biharamunean, banakako proba jokatu zen. Bezperan botatako elur hauts geruzak lagunduta, ibilbide dotorea prestatu zuten; hala onartu zuten, bederen parte-hartzaileek. Keleta, Kortaplana eta Lakhura mendigunean lehiatu ondoren, eskiatzaileek helmuga puntua Roncaliako eski pistetan izan zuten. Gainera, eguraldia lagun izan zuten.

Lehia estuak

Bezperan izan zen lehian ez bezala, Solak ez zion garaipenari ihes egiten utzi, eta probaren lehen zatia buruan egin zuen. Maiora gertu zuen, baina Zubizarreta atzetik aurrera etorri eta Solarekin batera ibilbidearen zati handi bat egin zuen. Solak erritmoa azkartu eta lehena izan zen. Ia hiru minutura Zubizarreta heldu zen, eta hirugarren postua Maiorarentzat izan zen.

Mutiletan ere lehia ederra izan zen. Hasieratik zazpikote bat jarri zen buruan, eta Keletako leporaino elkarrekin joan ziren. Kortaplanako maldei ekin zietenean, Larizek hartu zuen aurrea eta helmugara lehen postuan iritsi zen. Bigarrena Javier Tirapurentzat izan zen eta hirugarrena Javi Dominguezentzat.

Bi egun horietako lehien denborak batu ondoren, Bandres-Karolo Memorialaren irabazleak nortzuk ziren jakin genuen. Nesketan, Sola izan zen lehena, Zubizarreta bigarrena eta Maiora hirugarrena. Eta mutiletan: Lariz irabazle, Tirapu bigarren eta Dominguez hirugarren.

Bestalde, aipatu behar dugu larunbatean Izaban bertan egin zen ekitaldian Zubizarretak Bandres-Karolo saria jaso zuela. Antolatzaileek urtero mendiko eskiaren alde lan eskerga egin duten lagunei ematen diete aitortza: «Izaskunek, mundu mailan hainbat urtez gorenean ibili ondoren, egun ere kirol hau sustatzen eta gozatzen jarraitzen du».

Beste ekimen batzuk ere izan ziren. Larunbatean ere, Pitxi Eguillorek “Entre los Pirineos y el Himalaya” ikus-entzunezkoa eskaini zuen. Eta igandean, Kurruskla elkarteak prestatuta eskiatzaileek artzainen ogi-papurrak dastatu ahal izan zituzten.