Peio Larralde bikain batek berreskuratu du txapela
Nahiz eta dirua bere aurka atera zen eta Ospital izan irabazteko faboritoa, txapeldunak neurketa handia egin zuen, amaieran 40-18koa lortzeko.
Larraldek irabazi zuen atzo Baionako Modernen Berezkoen Buruz Buruko Txapelketako finala, Ospital 40 eta 18 menderatuz. Hasieran dirua azken honen alde zegoen, baina neurketak ez zituen aurreikuspenak bete.
Atzokoan Larralderen jokorik onena ikusi ahal izan zen, eta beste aldetik, berriz, Ospitalen alde eskasena. Horrelakoetan neurketa desorekatua ateratzen da, eta horixe gertatu zen.
Ospital atera zen faborito. Larralderen aurkako azkeneko hiru partidak irabazita zetorren, eta azkenekoa, gainera, aise. Ospital, gainera, finalera partida guztiak irabazita zetorren, eta itxura bikaina emanda, baina atzo ez zuen bere eguna izan. Larraldek, berriz, behetik gora egin du, eta final paregabea jokatu zuen. Hasieratik ekin zion zuloa egiteari, eta azkar jarri zen markagailuan 6-0 eta 14-1. Garbi ikusi zen joko horrekin Larralderi aurre egitea oso zaila zela, eta are zailagoa, atzo Ospitalek zeukan jokoarekin.
Larralde aurrean eta atzean erabat nagusitu zen, jokoan aginduz, eta aurkariari inongo aukerarik eman gabe. Zaleek ez zuten partida on bat ikusterik izan, baina bai Larralde bikain bat. Orain dela bi urte berak jantzi zuen txapela, eta orduko jokoa erakutsi zuen atzo.
Neurketa, ordea, azkarregi erabaki zen. Zaleak Ospitalen erreakzioaren zain zeuden, baina behin 31-9 jarri zirenean dena erabakita geratu zen, nahiz eta ordurako apustuak ere eten ziren, garbi ikusten baitzen garaipena nora joango zen.
Amaieran Larraldek erritmoa apur bat jaitsi zuen, eta ondorioz markagailua zerbait itxuratu ahal izan zuen Ospitalek. Neurketak 56 minutu iraun zuen, eta jokoan 22 kintze egin eta 3 galdu zituen Larraldek; saketik 12 egin zituen. Ospitalek lehen jokaldiari esker kintze bat egin zuen, eta jokoan, berriz, 14 egin eta 6 galdu zituen. Markagailua honela geratu zen: 6-0, 14-1, 24-5, 31-9, 35-14, 38-10, 39-18 eta 40-18.
Amaieran pozez gainezka zegoen Larralde. «Honek poz handia ematen du. Ospitalen aurka hiru partida jarraian galduta nentorren, baina gaur partida ona egin dut. Dena atera zait ongi, eta berriro ere txapela irabaztea oso garrantzitsua da. Uste dut Ospitalek ez duela izan bere egunik onena», esan zuen txapeldunak. Ospitalen kasuan, urte berean bakarka galtzen duen hirugarren finala izan zen atzokoa. Iazko eta aurtengo buruz burukoak galdu ditu, eta abenduan Superprestigioa ere galdu egin zuen.
Bigarren Mailakoa
Donibane Garaziko Garat trinketean jokatuko da gaur, 17.00etan, Bigarren Mailako Buruz Buruko finala. Ion Iturbe eta Laurent Lanbert lehiatuko dira. Iturbe izango da faboritoa. Pasatu berria da profesionaletara, eta horregatik lehen kanporaketatik ari da jokatzen, baina partida guztiak irabazita sartuko da final honetara.