GARA Euskal Herriko egunkaria
IKUSMIRA

Kaka eginda


Nik ez dakit ezer. Kaka eginda ibiltzen naiz egunero. Esperientziak bakarrik laguntzen dit beldurra era lasaixeagoan eramaten». Nork esango luke. Blanca Portillo aktore puska da beldurrak akabatzen sentitzen dena. Hori bai, izuak ez du geldiarazten. Arriskuari ez dio beldurrik, hala dio. Agertokian eta kamera aurrean egin dituen apustuak ikusi besterik ez dago.

Beti pentsatzen dugu geuk bakarrik sentitzen dugula urdaila uzkurtuta eta izerdi hotza, gorputzean dardara. Besteek ez. Baina bai. Denok gara hezur-haragizkoak, nahiz askok ahultasunak onartzen ez dituzten.

Gure lanagatik makina bat pertsona izan ohi dugu aurrez aurre. Bada betidanik atentzioa eman didan zerbait. Zenbat eta handiagoa izan elkarrizketatuaren ekarpena, orduan eta txikiagoa ikusiko du hark bere burua. Eta zintzoagoa izango da bere ibilbidearen garrantzia neurtzerakoan. Eta naturalagoa izango da tratuan. Inolako handiusterik gabe.

Alberto Iñurrategiri irakurritako beste elkarrizketa bat datorkit burura. Kazetariak bere ibilbidea goraipatzen zuen bitartean, berak hamalau zortzimilakoei balio handiegia ematen zaiela zioen. Eta bera goratzen dutenen objektibotasun falta nabarmentzen zuen, munduko mendizaleen artean duen tokia –askok uste baino beherago– garbi utziz. «Mundu osoan ba al dago euskaldunek eginiko igoeraren bat erreferentzia moduan hartzeko? Ez, argi eta garbi. Horretarako, poloniarrak, frantziarrak, ingelesak eta esloveniarrak aipatu behar ditugu», zioen.

Aretxabaldarrari beldurra zerk ematen dion? «Ilusiorik gabe bizitzeak».