FEB. 28 2018 IKUSMIRA Buklean Amalur Artola Kazetaria Esku artera iritsi zitzaidanetik, gure etxean buklean entzuten da “Egunsentiak alperrentzat”. Ogibideak hala eskatuta, Morau-ri egin beharreko elkarrizketa prestatzeko aitzakian iritsi zen diskoa etxeko musika aparailura. Eta badaramatza hortxe aste pare bat. Entzuna nuen alzheimerraren inguruko disko bat egitekotan zebilela, bere amarekin bizi izandako esperientzia nolabait bildu nahi zuela. Baina, beste hainbatetan bezala, oker zegoen nire belarrietara iritsi zen informazioa: gaixotasunaz baino, pertsonez mintzo da, «alzheimer» hitza lehen aldiz entzuteak belaunetan sortzen duen dardaraz, egoera latzenetan egonda ere irribarre egiteko abilezia dugula deskubritzeaz, egunean egunekoari aurre eginez biziraun daitekeela konturatzeaz. Autoezagutzaz. Eta maitasunaz. Ausardia behar da halako intimitate maila duen diskoa argitaratzeko. Are gehiago, oholtza gainera igo eta horren sentipen pertsonalak biltzen dituen diskoa jendaurrean defendatzeko. Morau biluzi den bezala biluzteko. Gure elkarrizketan, zaintzaz hitz egiteko dagoen beharraz mintzatu ginen. Sentipenak trukatzearen terapeutikotasunaz. Bihotza zabaltzeak beti sortzen ditu arrakalak entzuten ari denaren bihotzean, eta kontatu zidan kontzertuetan nola hurbildu zaizkion entzuleak euren esperientziak partekatzera, eta nola ohartu den zaintza unibertsala eta denoi eragiten diguna bada ere bizi gaituen gizarte honetan laugarren mailako gaia dela ia. Ez dakit, baina iruditzen zait guztiok Morauk duen bihotza zabaltzeko abilezia eta ausardia horretatik pixka bat bagenu, bestelakoa litzatekeela inguratzen gaituen gure mundu txiki hau.