GARA Euskal Herriko egunkaria
JO PUNTUA

Lider nagusia eta gerra hotza


Urrian 19. Kongresua egin zutenetik espero zitekeena ez ezik iragarritakoa zela esan liteke: beste gauza askoren artean, Konstituzioari aldaketak egitea onetsi zuten orduan; eta aldaketa horietako bat Hexin Lingdao Zhe, lider nagusia-edo, deitzen ari zirenaren ingurukoa izango zela igartzeko ez zen sinologian bereziki aditua izan behar. Aurretiaz esparru militarrean egindakoak, eta Kongresuan bertan aukeratutako Bulego Politikoa eta haren Iraunkorra kontuan izanda... Txinaren “Aro Berria” deitzen dutena botere zentral ahaltsuagoarekin uztartuta letorke, hango elitearen ustez.

Horregatik egiten da are harrigarriagoa Mendebaldean batzuek azaldu duten erresumina, duela 25 urte Deng Xiaopingek asmatu zuen bina kongresu-aldiko, hau da, hamarna urteko agintaldiko «belaunaldien» ereduari men egiteko asmorik ez duela Xi Jinping «Lider Nagusia»-k ofizialdu denean. Gerra Hotzeko hizkera itzuli dela esatea gutxitxo ere izan daiteke: «neoautoritarismoa», «tirania», «diktadorea», «norbanakoaren gurtza», «aurkariak purgatu dituena», «mega-Putin», «Maoren garaietara itzuli nahi duena»... Horren larria ote da ba Pekineko elite horrek bere barneko aginte-arauak aldatu izana?

Bistan da batzuentzat baietz. Baina sistematik ez ezik Txinatik kanpokoak dira nik asaldura horretan ikusi ditudanak, prospektiba, eta planak, egiteko finkotzat jotzen zuten iltzea galdu dutenak. Dengen formulak aurreikusgarritasuna ematen zion sistemari; baina, baita ezegonkortasuna eta taldekeriarako joera ere. Orain, dena zailagoa izango da... batez ere aurreiritziekin jokatzen dutenentzat.

Albistea, haatik, nahiko ona izan daiteke mundu mailako gorabehera ekonomikoetarako, aginpide faltaz behintzat ez dutelako eztanda egingo munduko bigarren ekonomiaren desorekek. Eta, gezurra badirudi ere, izan daiteke on samarra Txinako herritarrentzat ere, aukeran behintzat.

Txarra, oso txarra da, ordea, Txina ahaltsuegia izan baino lehen menderatu behar dela uste dutenentzat.