Iratxe Esnaola
Hezkuntzan doktorea
JO PUNTUA

Emakume gutxi Mobile World Congress azokan

Astelehenean hasi eta gaur du azken eguna Mobile World Congress 2018 azoka entzutetsuak. Zenbaki ekonomikoak, aurrerapen teknologikoak eta Borboiaren bisita aipatu dira, batez ere. Hedabide askok ez dituzte ekoizpen prozesuetan gertatzen diren gehiegikeriak landu. Ezta azokan nabaria izan den emakume falta ere. Generoen arteko desorekak bere horretan jarraitzen duelako izango da, agian. Ez delako ia ezer aldatu, alegia. Eta, hortaz, aurten ere, MWC azoka teknologien industriaren ispilu bat izan da.

Keynote speakers edo hizlari nagusien artean, %24 izan dira emakumezkoak. Iaz %8,8 omen ziren. Bada zerbait. Baina ezer gutxi da: lau hizlaritik bakarra da emakumezkoa. MWCera gerturatu diren emakumeen portzentajea ere ez da %25era iristen. Hori da ispiluan ikusten den irudia: ardura postuetakoak diruditen gizonezkoak nonahi, trajea soinean; emakumezko bakan batzuk. MWC azokaren esentziak erabat maskulinoa izaten jarraitzen du. Azokako webgune ofizialeko goiburuko argazkia ikusi besterik ez dago hori baieztatzeko. Dena esaten du: azafatarik gabe, baina gizonezkoentzat diseinatua dagoen azoka da MWC.

Egia da industria teknologikoak industria tradizionaletan gertatzen diren desorekak bere egin dituela. Eta ardura postuetan gorantz egiten den heinean, gero eta emakume gutxiago daudela. Eta hortaz, MWC eta gisako azoketan ez dagoela ia emakumezkorik. Ikerketek diotenez, ordea, informatikaren hastapenetan AEBetan emakume programatzaileen kopurua %40koa zen. Baina informatikaren eta teknologiaren industriak aurrera egin ahala, behera eta behera doan kopurua da. Euskal Herriko Informatika fakultateetan inoiz baino emakume gutxiago dago. Eta inoiz baino gailu elektroniko gehiago daude euren geletan.

Honek guztiak lanketa integral bat eskatzen du: hasi zientzia eta teknologia irakasgaietatik (STEM) eta emakume erreferenteak sortu edo ezagutzera emateraino. Eta MWC azoka ere aukera paregabea zen horretarako.