Beñat Zaldua
Kazetaria
IKUSMIRA

Tranpaz tranpa

Elurrarekin zirriborratuak nituen lerro batzuk, baina honezkero kaioak ere ez dira oroituko asteazkenean pinguino bihurtuta esnatu zirela. Goazen beraz betiko aieneetara. Katalunian akordioaren mirariak hamabi ordu iraun du. Iritsiko da, baina ez gaur. JxCat-en eta ERCren arteko ezinikusia aspalditik dator, baina komeni da azken hilabeteen errepaso azkarra egitea batzuen eta besteen tranpa nabarmenak ikusteko. Hemen ez da inor salbatzen. Urriaren bukaeran jar gaitezen: Errepublika aldarrikatu ostean, Puigdemontek Bruselarako bidea hartu zuen, eta Junquerasek Madrilekoa: Auzitegi Nazionalera lehenik eta Estremerara gero. Bakoitzak libreki hartu zuen erabaki horrek markatu ditu hilabeteok.

Lehenengo tranpa: Puigdemontek hauteskundeak irabazi ditu presidente izateko itzuliko dela zin eginez. Ez da itzuli. Bigarren tranpa: Esquerrak Puigdemonten hautagaitza babesten du, baina inbestidura saioa iristean, atzerapausoa eman du. Hirugarren tranpa: Puigdemontek hautagaitzari uko egin eta, 155ak kargugabetutako gobernuaren berreskurapena ahaztu eta lehendakariordea zen Junqueras proposatu beharrean, bere alderdiko Jordi Sanchez aurkeztu du hautagai. Laugarren tranpa: gobernu legitimoaren izenean, ERCk Junquerasen hautagaitza defendatzen du, ahaztuz, hain zuzen ere, Puigdemontek ez duela lehendakaritza lortu ERCk ez duelako Estatuarekin talka berri bat eragin nahi izan.

Eta jakina, tranpa bakoitzak gaitzespen berri bat eragiten du beste aldean, irainen bilduma handituz eta ezinikusia sakonduz. Hemendik dator azken asteetako nahastea, eta argi dago, aldatu ezean, nora doan: inora ez.