Josebe EGIA
ZIRIKAZAN

Euliak ehizatzen bezala

Insolidarioa, elitista, antisistema… eta ez dakit zenbat astakeria gehiago jardun du esaten Estatuko Gobernuak mugimendu feministak ostegun honetako greba deitu zuenetik. Ezin patetikoagoa da, edozein tokitan, bere zilborraz harago begiratzeko gai ez den Gobernua, eta paranoikoa, gainera; bere zilborra mundu osotzat jota, berau bere horretan mantentzen eta babesten saiatzen dena, muga ondo finkatuez josiriko mundutxo pobre (diruari ez beste guztiari dagokionez pobre) horretatik kanpoko “etsaiak” erasoz, ume-mokoen antzera haserretzen direnean eskukadak hamaika euli harrapatu nahian balego bezala emanez, edozein aldaketaren aurrean beldurrak itsututa. Estatuko Gobernu hau, eta bere berdintsuak, hangoak eta hemengoak, beren segurtasuna, erosotasuna eta status quo-a –gizon zuriaren supremazia oinarrian eta gailurrean eraikitako hori– galtzeko izuak menderatuta, inolako zentzurik eta argudiorik gabe ari dira.

Horren nabarmen, ezen lastima apur bat ere ematen duten, politikari errespetugabe zein koldarrek ezinbestekoa duten zuzentasun politikoaren eta pertsonak diren aldetik itxurakeriari betiko eusteko ezintasunaren artean, egunetik egunera herritarrongandik are urrunduago eskaintzen ari zaizkigun ikuskizun tamalgarri honetan. Galduta, herri-mugimendu gero eta sendoago eta gero eta jendetsuago eta gero eta presenteagoen aurrean. Barneratu ezinik beren jendarte-egitura eraldatu nahi dugula, eta ari garela; ez emakumeak bakarrik, ez gazteak bakarrik, ez zaharrak bakarrik, ez pobreak bakarrik… denok bat eginda eta elkarrekin baizik, insolidarioak ez garelako, hain zuzen. Agintariek hitz erdika arituz antzezten duten politikaz kokoteraino gaudenok ez gara lau, ez gara hamaika, milioika baizik; eta ez gara euskaldunak, espainolak edo europarrak baino ez, mundu osoko herritarrak baizik. Sumatzen hasiak dira ostegun honetakoaren modukoak ez direla itzaliko, betiko gelditzeko eta irabazi arte hazteko daudela hemen, eta han ere bai… eta hurrengo belaunaldiek ere ez dutela bakerik emango.

Gobernuetan direnen adierazpen aldrebes guztiak, jendea nahasteko saiakera korapilatsu guztiak, herritarron asmo tinkoak ahultzeko estrategia guztiak… konplimendutzat hartu behar ditugu denak feminista, solidario, antikapitalista eta «herria herritar guztiontzat» zale guztiok, asmatzen ari garen seinale garbia baita. Historikoa ere, begira zer diotsuedan.