Mikel Ibarguren
Idazlea
JO PUNTUA

Arrakalak

Emakumeen eta gizonen artean dagoen soldata-arrakalak ezin hobeto erakusten du bizitzaren beste alor guztietan ere zein sakona den arrakala hori. Boteredunen eta boteregabeen arteko arrakala baita, azken finean. Historiaren sorreratik izan da horrela, “Odisea”-n Telemaco semeak bere ama Penelope isilarazi zuenean egin zen gizon.

Maitasuna emakumearen opioa dela esaten zuen oraintsu zendu berri den Kate Millet filosofo frantziarrak; «pertsonala dena politikoa da» zioen feministak argi zeukan kapitalismoak maitasuna emakumea menpeko bihurtzeko erabiltzen duela. «Emakumeak maitatzera dedikatzen diren bitartean, gizonak gobernatzen ari dira». Derrigorrez feminista izan behar duen iraultza batek berregituraketa politiko zein ekonomikoa gainditu behar ditu, haren ustez.

Bestelako eredu bat pentsatzeko gure ahalmen kolektiboak garrantzi handia izango duela esaten du, bestalde, Angela Davisek ere, kapitalismoak gure barne bizitzak eta pentsamenduak inbaditu dituen honetan merkantilizaturiko sentimenduetatik ihes egin beharra dagoela gogorarazten digu.

Silvia Federecik dio emakumeen gorputza dela kapitalismoaren azken muga. Sorgin-ehiza ez dela iraganeko kontua. Jule Goikoetxeak bakea ez dela existitzen, feminismoa bai. M. Luz Estebanek, berriz, boterea beti hor dagoela esaten du, ez dela lausotzen eta euskal pentsamendua berrituko duen hats feminista behar dela.

Emakumeak emakumeen gauzez ari direnean dira entzungarri, ez ekonomiaz edota politikaz ari direnean. Asimetria zapaltzaile eta patriarkal honetan boterea, baliabideak, eskubideak, kontrola... gizonezkoen esku daude; etxeko zein merkatutik kanpoko lanak edota zaintza-lanak, aldiz, emakumeen gain.

Gizon izateko modu asko daude; horregatik da ezinbestekoa egungo eredu hegemoniko eta toxikoa baztertzea, era batera edo bestera lapurtu ditugun pribilegioak identifikatu eta itzultzea, maila pertsonalean zein kolektiboan desboteretze prozesua egitea.

Arrakalak ixten joan daitezen.