GARA Euskal Herriko egunkaria
IKUSMIRA

Elvis, Maradona, Lacey, ni


Badira ia 15 urte. Ez dakit disko hartara nola iritsi nintzen ere. Ez zen nire gustuko musika estiloa ere. Baina eskuratu nuen. Igual izan zen “Guernica” izeneko bat zekarrelako kantu zerrendan. Kontuak kontu, ehunka buelta eman nizkion hurrengo asteetan. Kiskali arte ia. Lepotik harrapatuta izan ninduen.

Denborarekin, Brand New estatubatuarren musikatik urrundu egin nintzen, baina sekula ez diot utzi “Deja Entendu” diskoari bisitaren bat egiteari. Momentu jakin batera, emozio eta sentipen zehatz batzuetara, bidaiatzen laguntzen didalako. Eta beti, hutsik egin gabe, entzunaldi bakoitzeko, “Me Vs. Elvis Vs. Maradona” kantua birritan jarri izan dut. Ez da onena. Ez da distiratsuena. Ez da ezagunena. Baina nire kuttuna da.

«Etsipen desioak ditut eta miresgarriak ez diren planak/ Nire mihiak ginebra eta asmo gaiztoak dastatuko ditu (...)/ Aurpegi serio eta zuzen batek arropa kendu dizu/ (...) Ia pena dut egingo dudanagatik/ (...) Nahi dudana egiten uzten badidazu/ Zin dagizut txikituko zaitudala», abesten du, besteak beste, izenburu ezin kuriosoagoa duen kantuan Jesse Laceyk, oraintsu adin txikiko hainbat neskari, diskoa kaleratu zen garai hartantxe, sexu gehiegikeriak egin zizkiela onartu duen Brand New-ren liderrak. Zein ezberdin ikusten den orain letra hori, eta kantua, eta diskoa, eta taldea...

«Zer egin munstro-gizonen artearekin?», galdetu berri du Claire Dederer idazle estatubatuarrak artikulu bikain batean, egilea eta lana bereizi behar diren ala ez planteatu duen eztabaidari helduta. Saiatu arren, ni ez naiz banantzeko gai izan, baina gaur berriz entzun dut diskoa eta “Me Vs. Elvis Vs. Maradona”, birritan.