Azala erre... indartu dadin
Gazteen ikuspegitik begiztatu ditu bere nobela berriko arrakalak Danele Sarriugartek. Igartza sariarekin argitaratutako «Erraiak» eleberritik lau urte igarota eman du argitara bere bigarren lana. «Azala erre» laburrean doan kontakizun sakona da, inbidia, adiskidetasuna, egoak eta arrakasta ituan jarrita. Bi protagonista gazteren bueltan eraikitako nobela laburra ondu du, neurrira egindako trajea, soberakinak alboratu eta lastarik gabeko jantzia.
Lau urte igaro dira Danele Sarriugartek (Elgoibar, 1989) “Erraiak” kaleratu zuenetik. Igartza bekari esker ondu zuen eleberri sakona izan zen hura, lehen pertsonan kontatua eta, bai edukiz bai hizkuntzaz, pisu handiko lana. Lau urte hauetan zaratatik aparte egon da idazle elgoibartarra, ez horregatik literaturatik urrunduta –itzultzailea da izatez–.
2015ean izan zuen atzo aurkeztutako “Azala erre” (Elkar) nobelaren lehen flash-a. «Orduan etorri zitzaidan Mirenek –protagonistak– azala erretzen duen pasarte hori. Intuizioz egin nuen, baina gero bultzaka ibili naiz». Nobela laburra izan da joan den urtarrilean amaitutzat jo zuen literatur lanaren emaitza, «neurrira egindakoa», Antxiñe Mendizabal editorearen ustez. «Hemen Danele aurkituko duzue, baina ez ‘Erraiak’ idatzi zuen Danele».
«‘Erraiak’-en dena argi nuen. Hemen ez. Banuen izpi bat, baina ezer argirik ez», ohartarazi zuen idazleak. Kasu honetan, ahots gazteetara jo du eta transzendentalak izan daitezkeen gaiak izan ditu langai; adiskidetasuna, inbidia, arrakasta, egoak... Eta protagonisten artean hiru izen nagusi. Maitane, Jon eta Iñaki. Arte munduan mugitzen dira eta hainbat egoerari aurre egin beharko diote. «Hogeita bost urteko muga pasatzen duzunean badirudi helduagoa den jendearen gauzak egin behar dituzula. Edo norberak bere ekintzen ardura hartu behar duela». Buruan zituen, hartara, heldutasunerako bidearen trazu horiek, baina gainontzeko aferak nobelaren giroan, mapan, txertatu dituela defendatu zuen.
Sarriugarteren fikzioak 2016ko ekainaren 24an du abiapuntua. Gertakari batek abiatzen du. «Mirenen estudioan norbaitek diru asko daraman sobrea utziko du. Berehala jakingo du irakurleak Jonek utzi duela eta eleberriak sobre horren jatorriari jarraitzen dio eta kontatzen du nola iritsi diren horraino bi pertsonaiak». Hiru zatitan banatuta, “Azala erre”-k egun horretara arte gertatutakoak eta gerokoak ditu aztergai bere lerroetan.
Epilogoa
Iragan urtarrilean entregatu zuen bere nobelaren azken bertsioa Danele Sarriugartek. Baina ordura arteko bidea luzea eta gorabeheratsua izan zela azpimarratu zuen. Hala, literaturan ezohikoa den keinua egin du idazle elgoibartarrak; liburuaren prozesua biluzian jarri du eleberriari epilogo bat erantsiz. «Esker oneko atal bat da. Normalean liburu amaieran doan zerrenda bat izaten da, burokratikoagoa edo. Liburua urtarrilean amaitu nuen eta zerbait itxi gabe neukala konturatu nintzen. Kontatu nahi nuen 2015ean idazten hasi eta 2018an argitaratu den liburuaren prozesua. Esker ona adierazi nahi nuen, prozesu gorabeheratsua izan delako. Eta autore indibidualaren mitoari buruz ere idatzi nahi nuen. Badago parte indibidual bat, baina baita parte kolektibo bat ere. Eta liburu honetan laguntza hori izan dut».
“Erraiak”-ekin izan zuen idazketa bulkadarik ez du nabaritu, antza, Sarriugartek sorkuntza berri honetan, eta «bultzaka» aritu dela aitortu zuen. Literaturan, beste idazle askok bezala, beka eta lehiaketetara aurkeztu zuen buruan zuen eleberria. «2016an Joseba Jaka bekara lagin bat bidali nuen. Eta 2017an Irun Hiria sarira, nobela oso bat». Ez zuen ez bata ez bestea irabazi. «Bere garaian pena eman zidan. Baina garrantzitsuena da sari horien bultzadarik gabe nik neuk sinetsi dudala eleberriarengan. Eta eskerrak Irun Hiria ez nuen irabazi, zeren gusturago geratu naiz bertsio labur honekin. Orduan argi ikusi nuen nola egin eta azaroa eta urtarrila bitartean itxita geratu zen», gehitu zuen.
Bidean, lagunen iritzi eta ekarpen trukea izan ditu alboan. «Bi ereduak lagunei bidali nizkien eta oso baliagarriak izan dira haiekin izandako eztabaidak eta egindako ekarpenak. Oso aberasgarria izan da eta haiek gabe ez litzateke liburu hau argitaratuko».