MAR. 28 2018 «Doctrina Christiana» edizio kritikoan EHUk eta Euskaltzaindiak Esteve Materraren «Doctrina Christiana»-ren edizio kritikoa kaleratu dute Euskararen Lekukoak eta Monumenta Linguae Vasconum: Studia et Instrumenta bildumen barruan. GARA BILBO Dorota Krajewska (EHU), Eneko Zuloaga (EHU), Ekaitz Santazilia (Nafarroako Unibertsitate Publikoa), Borja Ariztimuño (EHU), Oxel Uribe-Etxebarria (Budapesteko Unibertsitatea) eta Urtzi Reguero (EHU) filologoak dira edizioan parte hartu duten espezialistak. Krajewskak duela hiru urte aurkitu zuen ordura arte galdutzat jotzen zen “Doctrina Christiana” liburuaren ale bat, Danimarkako Errege Bibliotekan. Hain zuzen ere, ale horren eta Oxforden gordetako bigarren argitalpenaren ale bakarraren (1623) edizio kritikoa eta azterketa da Krajewskak berak eta Azti Bihia Hizkuntzalari eta Filologoen elkarteko kideek egin dutena. Esteve Materraren “Doctrina Christiana” lana 1617an argitaratu zen Bordelen. Lan horrek eman zion hasiera euskal obra klasiko garrantzitsuenetan erabiliko zen euskalki literarioari. Halaber, lapurtera klasikoaren lehen lan hau euskaraz inprimaturiko lehen liburuetako bat ere bada. Gainera, informazio baliagarria dakar lanak orduko euskal testuen irakurle motari dagokionean, Dorota Krajewskak azaldu zuenez. «Lehen edizioa haurrek zuzenean erabiltzeko egina da, eta bigarrenak marinelak ditu helburu. Bazen garaiko Lapurdin euskaraz irakurtzen zekien komunitate bat», adierazi zuen. Orain arte Materre abizen frantsestuaz aipatua izan den idazle frantziskotarrari buruz hainbat ondorio erauzi ditu ikerketak eta erakutsi du uste izan dena baino garrantzitsuagoa izan zela bere obra, bai euskal literaturaren esparruan, bai hortik kanpo ere. EHUko Euskararen arloko zuzendari Jose Mari Makazagaren iritziz, Materraren 1617ko liburuaren edizio kritikoak goi mailako ikerketa monografikoen zerrenda bereziki aberasten du, «lau mende egin dituen lapurtera klasikoko lehenengo liburua delako».