GARA Euskal Herriko egunkaria
JO PUNTUA

Demokratura


Eduardo Galeanok ezagutarazitako neologismoak demokrazia itxurako gobernua baina praktikan, izatez, diktatoriala edo autoritarioa den gobernu modua adierazten du. Demokrazia murriztu bat edo diktadura konstituzional gisako gobernua nahi bada, demokraziaren maskara jantzita herriaren kontrako abusu edo desmasiak egiten dituena finean.

Espainiar Estatuaren izaera ultranazionalista urteetan zehar inkubatutako erregimen frankista baten ondorioa izateaz gain, seguruenik Europa mailan dagoen gobernurik ustelenetarikoa izango da gaur egun. Eta nire hitzak neurtu nahi ditut. Espainiar Gobernuak oso berea duen jarrera mafioso eta totalitarioa erakusten du alor guztietan, Katalunian zer esanik ez, zeinean berriro ere konstituzionalismo espainiarraren harrokeria ernamuindu den, txikle baten modura darabilten 155. artikuluaren laguntzarekin.

Horren harira, «Kataluniako Jendarte Zibila» moduko konstrukto sozialak asmatzen dituzte Tabarniar erako kontzeptu artifizialak formulatzeko. Edota Frantziako lehen ministro ohi txalotu eta kataluniarrak profeta lanak egiten ditu sorterrian Albert Rivera eta enparauen ondoan mugak sortzea biharko gerra dela esateko, Espainia demokrazia bat dela eta lagunak direla esateko, Kataluniari ezin zaiola independentzia onartu, bestela akabo dela esateko.

Eta jendarte zibil horrek independentistak antidemokratikoak eta tiranoak direla oihukatzen du. Eta konstituzionalismoak espainiar ereserkiari ere letra ipini behar izan dio oihu hanpatu horri epika gehiago emateko: «Gorri eta horia/ nire bihotzean dir-dir egiten duten koloreak/ eta ez dut barkamenik eskatzen».

Azpimarratzekoa ez barkatzearena, alde guztietatik barkamen eta damuak eskatzen ari direnean. Baina tira, Eduardo Galeano parafraseatuz egitateez gain ideologikoki errepresiboak diren estatuak daude: hots, lengoaia eta moral bikoitza dituztenak, esateko moral bat eta egiteko beste bat dutenak.

Espainia esaterako.