GARA Euskal Herriko egunkaria
JO PUNTUA

Zenbait argazki


Aurtengo Aberri Egunak gure herriaren argazki interesgarriak utzi dizkigu. Alde batetik, zein alderdik ospatzen duten eta zeintzuek ez. Ospakizunak antolatu zituzten demokraziaren aldeko indarrek, hala dei diezaiegun, eta ez zuten ospatu estatuen gehiengo arrotzen bidezko inposaketarekin jarraitu nahi dutenek.

Ikuspegi horretatik Aberri Egunak demokraziaren aldeko egunaren gero eta antz handiagoa du. Nazioartera begira, hemen gertatzen ari dena ulertzea erraztuko luke izen aldaketak. Eztabaidan sakontzera eroango gintuzke, adituen artean adostasuna baitago, demokrazia ezinezkoa dela burujabetzarik gabe.

Bestalde, azpimarratu beharra dago Aberri Eguna ospatu zuten guztiek diagnostiko oso antzekoa egin zutela. Pozgarria, ez diagnostikoaren edukiagatik, baizik eta diagnostiko bateratua elkarlanerako ezinbesteko baldintza delako, nahikoa izan ez arren.

Diagnostiko bateratu horren aurrean proposamen ezberdinak entzun genituen. Euskaldunon hiriburuan Europako nazio zanpatuak elkartzeko eta ofentsibara jotzeko deia egin zuten. Ardatz sozial eta nazionalak batuko dituen Internazional berri bat ederra litzateke. Estatudun nazioetako sektore demokratikoen laguntzarekin, aldaketak eragiteko indar korrelazio hobe batera heltzeko biderik errealistena izan liteke gaur egun.

Ahal Duguk burujabetza handiagoa eskatu zuen, euskal gizartea kapitalismo basatiaren aurrean babestu ahal izateko. Babes sozial ikaragarria duen eskaera, zertzelada batekin, babes hori integrala izatea nahi genukeela batzuek (estatala, sinbolikoa, linguistikoa...), ez soilik sozioekonomikoa.

Bozkatuenek erresistitzeko deia egin zuten. Ez zen argi geratu erresistentzia alderdi modura ala herri modura planteatu zuten. Bietarako arrazoiak egon litezke, birzentralizazioa zein epaitegiak kontuan hartuta.

Gaurko telefono mugikorrek guztiok argazkilari bihurtu gaituztenez, ea hurrengo urterako aurtengo argazkiekin panoramika bakar bat osatzeko gai garen.