GARA Euskal Herriko egunkaria
KOLABORAZIOA

Hirigintza, bidesariak eta nazio eraikuntza


Hurrengo lerro hauetan idatziko dudana ez dut uste ezer berria denik, ezta sorpresa suposatuko duenik irakurleengan. Askotan bidesarien inguruan hitz egiten dugunean Katalunia datorkigu burura eta famatua bihurtu den “¡No volem pagar!”, baina gurean ere arazo larria daukagu. Nazio eraikuntzan sekulako garrantzia dutela iruditzen zait, zuzenki lotuta dagoen afera, beti ere nazioa zazpi lurraldeak kontuan izanda.

Adibide batekin argi ulertuko dela iruditzen zait. Aski ezaguna da euskaldunok Kantabria eta Asturiasera joateko dugun ohitura, bada, asteburu pasa, oporretan edo egun pasa. Arraroa izaten da, aldiz, bilbotar bat Getaria, Zarautz… edo inguruetara joatea, zer esanik ez “muga” zeharkatu eta Iparraldera joateko; eta Santander, Somo… eta halakoen distantzia parekoan daude. Ukaezina da gertutasun kulturala baina, aldiz, ondoko herrialdera mugitzen gara askotan, eta ez da zehazki exotikoa delako edota politagoa, geografia antzekoa baita.

Erabakigarri deritzet errepideetan aurkitzen diren bidesariei; mugikortasunari orokorrean. Lehengo adibidearekin jarraiki, pareko distantziara dauden bi herri jarriko ditugu, bilbotar baten egun pasak irudikatzeko. Honakoa antolatzeko orduan hau pentsatuko du seguruenik; bi aukera imajinatu ditzake: batetik, Santanderrera joan, bertan bazkaldu, hiriaz gozatu, paseatu, ingurua ezagutu… eta bestetik, Zarautz era joan, malekoian paseatu, bapo jan, herria ezagutu, arkitekturaz gozatu… Bi kasuetan planak antzekoak dira, eta duda barik litekeena da bigarrengoa aukeratzea, lehen esan legez gertutasun kulturalagatik eta baita auto pilaketengatik (A-8ko pilaketa madarikatu eta bukaezinak…), maiz jasaten ditugunak Muskizetik mendebaldera. Hala ere, kontuan hartu ez dugun faktore bat dago, bidesariak.

Bazkaltzekoa etxetik eraman genezake edota kapritxo bat eman eta jatetxe batera joan. Gasolina modu berean gastatu beharko dugu, pareko distantziara dauden lekuak jarri baititugu. Orduan, poltsikoan aldaketarik nabariena bidesarian dago. Eguna bukatzerakoan Kantabriara bidaiatu duenaren eta Euskal Herrian barna ibili denaren artean 22 euro baino gehiagoko ezberdintasuna egon daiteke (lehen esan legez, distantzia handitu dezakegu Asturiaseraino eta Baionaraino eta prezioa oraindik altuagoa izango da).

Modu berean, ezberdintasuna autobusez bidaiatzerakoan ere nabaria da, baina honakoa aparteko puntua da, ezen aldagai gehiago sartzen baitira ekuazioan; besteak beste, frekuentziak, ditxosozko hamaika txartel ezberdinak probintzia bakoitzeko…

Begi bistakoa dirudien arren, badirudi agintariek ez dutela honetan pentsatzen. Non gelditzen da herrigintza, nazio eraikuntza...? Akaso, hobea edo komenigarriagoa al da Kantabria, Gaztela, Errioxa, Aragoi… eta bestelako autonomiekin erlazionatzea? Horrela eraikiko dugu etorkizuneko Euskal Herria? Ez dirudi aitzakia autopistaren mantentzeak (espainiar Estatuko tarterik kaskarrenetarikoa baita Bilbo-Donostia batzen duena); izan ere, diru hori beste modu batean irabaz daiteke. Besteak beste, joan-etorriak erraztuz dirua Euskal Herrian bertan geldituko litzateke, guk geuk kudeatzeko, lanpostuak sortuko genituzke, euskara gure hizkuntzaren erabilera indartu eta hedatu… Euskal Herria eraiki. Ondoko Kantabrian jada martxan daude horrelako planak aspalditik, baina hemen ikuspegia murriztuagoa omen dugu eta soilik dirua biltzean pentsatzen dugu. Adibide argia dugu bizkaitarrok SuperSur famatuarekin, sekulako dirutza inbertitu eta gero kasik inork erabiltzen ez duena… Noiz arte? Batek daki... Helburua? Batek daki…