APR. 06 2018 IKUSMIRA Norbere buruaren jabe Alazne Basañez Bizialdia gobernatzeko norbere buruaren jabe izateak bizitza erdia ematen du; ez du bidea garbituko, harriak hor izango dira, baina horiei aurre egiteko garaian ez gara salduta egongo. Pentsioen aferak hitzon adibide garbia direla uste dut. Azaleko ariketa soil batek agerian uzten du gai honen inguruan zabaldutako zinismo politikoa eta gizatasun maila; gizatasun maila? Estatuaren zeregina da egun, eta ez beste inorena, pentsioak bermatzea. Baieztapen horretatik abiatuta, ikus dezagun hilabete baten bueltan pentsioak bermatu behar dituen Gobernu espainolak horren inguruan egindako erabilera. «Ez dugu baliabide nahikoa pentsioak gehiago igotzeko», zioen Mariano Rajoyk martxo hasieran. Kontuek ez zutela ematen zioen egun horietan, pentsiodunen manifestazio jendetsuek behartuta. Hilaren erdirako, «ahal dugun neurrian igoko ditugu», iragarri zuen, «gobernatzen jarraitzen badugu seguru igoko direla» nabarmenduz. Datorren urterako –hauteskunde urtea– aparteko igoeraren amua bota zuen eta, egun bere Gobernuak prestatu dituen aurrekontuek aurrera egin dezaten behar dituen babesen bila, diru kontu hauek onartzen ez badira pentsioak arriskuan izango direla esaten ari dira lotsarik gabe. Gezurra egia bilakatu nahian. Desberdintasunak zuzendu ahal direla erakutsi du, adibidez, Nafarroak, eskuduntza hori izan gabe. Aberastasunaren banaketan dago gakoa eta horretarako ere geure buruaren jabe izan behar dugu. (Oraintxe jakin da Alemaniak libre utzi duela Puigdemont, matxinada delitua baztertuz).