EDITORIALA
EDITORIALA

Espainiak enpatatzeko aukera ematen du beti

Galtzen ikasteak badauka lana, baina egoerak behartzen zaituen heinean, erraza da momenturen batean bidea topatzea. Irabazten ikasteak, ordea, esfortzu handiagoa eskatzen du, garaipenaren goxotasunean zaila baita egoerari bere neurria ongi hartzea. Premisa honi gehitzen badiogu garaipen militarretan –hots, aurkariaren anikilazioan– oinarritutako nortasun nazional bat, Espainiaren arazo nagusietako baten zirriborro inprobisatua lortuko dugu.

Bost hitzetan: Espainiako eliteak ez daki irabazten. Ez daki garaipen batek aurrera egiteko eskaintzen duen aukera aprobetxatzen, eta horrek behin eta berriz borroka berdinera kondenatzen du. Fenomeno honen oinarrien bila Espainiako mito fundazionaleraino joan gaitezke –zertarako hautatu bizikidetza, mairu eta juduak kanporatu ahal baditugu?–, baina adibideak egunero topatzen ditugu. Azken egunetan: “Arbolaren egia” eskultura Baionan eta Kataluniako independentisten aurkako jazarpena. Lehenengoa paradoxikoa da, ETA menderatua izan dela lau haizetara zabaldu eta gero, urduri jartzen dira armagabetzea omentzen duen eskultura batekin. Zergatik? Ez delako nahikoa borroka armatua bukatu izana zituen helburu guztiak lortu gabe; helburu horien suntsipena da xedea. Kirol eremura eramanda: Espainiak ez daki 1-0 irabazten. Edo 5-0 edo ezer ez. Bigarren adibidea argiagoa da oraindik: Errepublika katalana ez da iritsi, Generalitatea Madrildik kontrolatzen dute, belaunaldi politiko oso bat kartzelan, erbestean edo mehatxupean daukate, eta alderdi katalanen arteko erlazioak ez dira onak. Dena alde zeukan Estatuak kudeaketa inteligente batekin etorkizuna diseinatu ahal izateko. Baina umiliazio egarriak itsututa, ez zuten atzeman ere egin Alemaniatik zetorren zaplaztekoa.

Horrela jarraituz gero, Espainiak ez du inoiz irabaziko. Hori bai, aurkari politikoaren gabeziak soilik enpatea bermatzen du, ez dio beste aldeari garaipena ematen. Horretarako, beste alde horrek ere baditu bere eginbeharrak.