APR. 10 2018 IKUSMIRA «Nire esperimentua naiz, nire artelan propioa» Mikel Zubimendi Kazetaria Hamabi urteko alaba makillajearekin obsesionatua du. Denbora librea YouTube-n tekniken bideoak ikusten pasatzen du, pagaren zati bat kosmetikoak erosten gastatzen du. Instagramen makillatuta argazkiak zintzilikatzen ditu eta ama oso kezkatua du. Adimenean kide dut ama, adiskide. Aspaldikoa, militantea, feminista. Iritzia eskatu eta eman egin nion: makillajean baino sare sozialen erabileran ikusten nuela arazoa, ezezagunen «likes» horiek dopamina arriskutsu bat ematen dutelako. Egia dela aro digital honek homogeneizatua, globalizatua den edertasun ideal baten joera indartu duela, perfekzioa banakotasuna baino inportanteagoa eginez. Baina, makillajea ez ziola debekatu edo mugatu egin behar. Are, horretan sakondu beharko lukeela, tailerretan, antzerki taldeetan, eta, mugatzekotan, Instagram-en erabilera mugatu beharko liokeela. Aipatu nion, Historian, sarritan, makillajea artifiziotzat hartu eta naturaltasun ezarekin lotu dela. Egun, emakume batzuek, zapalkuntzarekin lotzen dutela. Emakumeen eskubideek lotura estua izan dutela aurpegiak pintatzeko askatasunarekin. Nik neuk, adierazpen eta kanpo indarren aurrean askapenerako ekintza bezala ulertzen nuela. Maite dut Madonna. Kameleoia da, bere burua berrasmatzen maisua. Harekin bat nator: denek, genero edo sexua gorabehera, kulturalki onartua den ideal ororen gainetik, gorputza bere barne erresumako mundua komunikatzen duen artelan bihurtuz eraldatzeko eskubidea dute. Niretzat, Historiak, makillajearen praktika feminismoaren deklarazio bihurtu du aspaldi.