J.L.
Harri-jasotzea

Lehiaketa oso berezia jokatuko da Aian

Aiako Harri-jasotze Txapelketa jokatuko da bihar, bertako probalekuan, 18.00etan. Lehiaketa oso berezia izango da, kirolari bakoitzak nahi duen harria eta nahi duen pisukoa eraman ahal izango baitu. Ez dira askotan ikusten horrelako txapelketak, eta, beraz, ikusmin handia piztu du. Hori bai, amaieran kilorik gehien jasotzea lortzen duenak irabaziko du txapela. Parte hartuko dutenak, berriz, honako hauek dira: Iñigo Eizagirre, Mikel Lopetegi, Gorka Etxeberria, Sebastien Martikorena, Josetxo Urrutia, Inhar Urruzuno, eta Julio Jimenez. Kirolari bakoitzak hiru minutuko hiru txanda izango ditu.

Bakoitzak bere gustuko harria eramango du, baina txapela jantzi nahi duenak lan asko egin beharra izango du. Hiru minutuko hiru txanda luze izango dira, eta jasoaldi asko eman beharko dituzte ahalik eta kilorik gehien jaso ahal izateko. Izen oso handiak ere badaude tartean, Inhar Urruzuno eta Mikel Lopetegi, eta badirudi bi horiek izan daitezkeela irabazteko bi faboritoak, baina bakoitzak bere harria eramanda, akaso ezusteren bat ere gerta daiteke.

Apustua

Apustuek indarrean jarraitzen dute, eta urteko hirugarrena jokatzeko prest dago; izan ere, apirilaren 21ean Hernaniko Jauregiko belardietan izango baita aizkorako eta korrikako apustua. Alde batetik, Roxario Pikabea hernaniarra eta, bestetik, berriz, Jon Arizmendi andoaindarra. Bakoitzak aizkoran lau 45 ontzako eta bi kana-erdiko ebaki beharko ditu, eta ondoren korrikan 7 kilometro lasterka egin.