APR. 23 2018 Berezkoak Waltari eta Gixandut Baionako finalean izango dira Jon LEUNDA Waltari eta Gixandutek osatutako bikotea da Binakako Txapelketako finala jokatzeko sailkatu den bigarrena, Pauen jokatutako finalerdian Intxauspe eta Ducassou 40 eta 30 mendean hartu ostean. 77 minutu iraun zuen neurketa oso polita izan zen, eta Gixandut izan zen partidako protagonista. Atzean nagusi da une honetan, eta Battite Ducassouk berarekin gutxitan bezala sufritu behar izan zuen lehia honetan. Finalerdia 24nako berdinketarekin apurtu zen; une horretan Waltarik eta Gixandutek 9-3ko partziala jarri zuten, eta aurkariek ezin izan zioten horri aurre egin. Saketik 11 kintze egin zituen Waltarik eta 5 besterik ez Intxauspek; jokoan 23 egin eta 13 galdu zituzten irabazleek, eta 12 egin eta 7 galdu, galtzaileek. 2-0, 2-2, 4-9, 10-10, 11-11, 12-12, 13-13, 16-23, 24-24, 33-27, 36-29 eta 40-30; hori izan zen markagailuko zifra dantza. Bigarrengoan, Biellek eta Palomesek lortu zuten finalerako txartela.