Arantxa Manterola
Kazetaria
JO PUNTUA

Asegaitzak

Gaur arratsaldean ez da giro izango Baionan Nazioarteko Harreman Taldeak, Bake Bideak eta Foro Sozial Iraunkorrak emango duten prentsaurrekoan. Komunikabideen uholdea segurtatua dago eta ezohiko asko eta asko, izan bertakoak edo kanpokoak, bertan izango dira. Hedabideen jakin nahia asetzeko lanak izango dituzte, galderak eta argibide eskaerak trumilka bideratuko baitizkiete, eta beraiek azaldu nahi dutenaz gain, zerbait gehiago nahiko dute. Aseezintasun hori berezkoa du kazetaritza ofizioak. Alta, badira hainbat eragile gatazka politiko armatuari dagokionez, zehazki ETAk egin beharko lukeenarekin edo ez lukeenarekin zerikusia duenean, asegaitz endemikoak direnak.

Duela urtebete armagabetzearen inguruan gertatu bezala, arreta izugarria piztu du ETAren ostiraleko agiriak, kasu zipitzik ez zaiola egin behar etengabe ari direnen artean ere bai. Normala da, egin duen urratsa ez baita nolanahikoa. Aurrekaririk gabekoa, gainera, azken hamarkadetan hemen edo inguru hurbilean ezagutu ditugun erakunde armatuekin alderatzen bada.

ETAren azken orria izango omen da hemendik egun gutxira iragarriko duen desegitea, desmobilizazioa edo dena delakoa. Auzi politiko konpongabeari lotuta dagoen heinean, ETAren gaiak oraindik orri gehiagorako, idaztekoak bederen, emango duelakoan nago, baina hori beste kontu bat da.

ETA konponbide demokratiko baterako ematen ari den urrats sendoak ez dira inoiz aski. Inoiz ez da nahikoa izango batzuentzat, ezta belauniko jarri eta belaunezurrak bistan uzteraino bidegurutzea egingo balu ere. Ez naiz preseski mindutako biktimez ari, berauek beren interes politikoetarako maltzurki erabiltzen dituztenei buruz baizik. Madrili aho txikiarekin eskaerak egiten ari diren bitartean, besteari aldebakarreko exijentziak harropuzkeriaz ipintzen dizkietenei buruz. Eta zeren izenean? Etikaren izenean alajaina!

Non dago etika neurtzen duen epaimahai independente eta bidezkoa? Madrileko Auzitegi Nazionalean? Alderdi usteletan? Europan? Elizan? Banoa omeprazol pare bat hartzera, horrenbesterainoko hipokrisiak berriro barruak ozpindu dizkit-eta.