APR. 30 2018 ZIRIKAZAN Lotsagarria Josebe EGIA Ezin dut hitzez azaldu zer-nolako suminak eta negargurak hartu ninduten «…debemos condenar y condenamos a 9 años de prisión…» entzun bezain pronto, zenbaki sinestezin hori; zer-nolako goragalea sentitzen dudan dudarik gabe jendartearen gogoan betiko iltzatuta geratuko den epai hori –andreon kontra jaurtiriko bala hori, adar-jotze izugarri hori– dela eta; zer nolako barren-barreneko amorru agorrezina bertan emandako boto partikularra –misoginia-adierazpen hutsa, jasangaitza– dela eta; zer-nolako ezintasuna “justiziak” emakumeoi aditzera emandako mezu garbia, eta ezin zikinagoa aldi berean, dela eta: «Lasai asko erabili eta bota ahal izango zaituzte, edozein txokotan izutu eta umiliatu eta busti eta zulatu eta apurtu, eta gero berriro zulatuko eta apurtuko zaitugu itaunketekin eta zu goitik behera behatuz eta zure hitza kolokan jarriz eta, ahal bezain duin bizitzen jarraitzen duzulako, bizi zarela ere kritikatuz… eta gero, azkenekoz tirokatuko zaitugu, behin betiko hautsiko, dotoreziaz legea eskuan hori bai, ebatziz zuk bizi izan zenuena ez zela izan zuk (eta zuk bezala gehienek) uste duzuna, bortxaketa, alegia, ezpada abusua, emakumeek eguneroko bizimoduan gizonen aldetik jasan ohi beharreko erasotxo saihestezinen modukoa. Azkenik, jakin ezazue zeuk eta zeure espeziekoek honen guztiaren aurrean bi aukera dituzuela: hil arte heroi izan ala jasan, jasan eta jasan». Ezin diot utzi pentsatzeari nola daitekeen zuzenbidearen esparrua bezain estamentu garrantzitsutik justiziaren eta duintasunaren alde zerbait egin ahal duenak, iraultza ekar dezakeenak, ezer ez egitea, alderantziz baizik, honen jendarte eskizofrenikoarekin bukatzen laguntzeko. Nola daitekeen, alde batetik, herritarrok gero eta garbiago izatea berdintasunerako bidean gizonak eta, batik bat, mutikoak izan behar ditugula jomugan, haien heziketa eta egungo gizontasun-eredua errotik eraldatu beharra, eta horretan jardutea egunero-egunero etxean, eskolan edota kalean; eta, bestetik, benetan zerbait aldatzeko aukera dagoen guztietan emakumeak eta gure ekintzak edo ekintzarik eza, egiten duguna egiten dugula, jarraitzea jartzen erdigunean, beldur porrokatuenaren erdigunean, bizirik irauteko bestelako modurik edukiko ez bagenu bezala: izua barreneraino tatuatu eta belaunaldiz belaunaldi transmititu. Ezin sinetsirik nabil, benetan, zer-nolako zartako lotsagarria eman diguten gure itxaropen eta duintasun bete-betean…