GARA Euskal Herriko egunkaria
JO PUNTUA

Distopiak


Hemeretzigarren mendeko garai distopikoak bizitzen ari garen sentsazioa areagotzen ari da jendartean. Ideologia neoliberalaren euskarri diren instituzio, gobernu eta patronal ezberdinek hartutako erabakien ondorioak larrutik ordaintzen ari gara herritarrak. Bere erro heteropatriarkalean biraka dabilen kapitalismoak historikoki indarkeria eta suntsiketa erabili izan ditu bere eredua ezartzeko. Silvia Federicik esan bezala, kapitalismoaren garapena nolabaiteko kontrairaultza bat izan da, eratzen hasita zeuden bestelako eredu komunalistak zapaltzeko. Eta ekonomia desozializatu ondotik inposatu zaigun merkatu globalizatuaren fundamentalismoak demokrazia lapurtzen dihardu, emakumeak bigarren mailako bilakatu ditu, ezberdintasunak areagotu eta langileen lan baldintzen eta eskubideen okertzea ekarri du, pobrezia eta bazterketa soziala areagotu ditu, eskubide sozialen deuseztatzearekin batera. Ondorioz, herritarren artean dualizazio soziala inoiz baino agerikoagoa da. Aberatsak aberatsago eta pobreak pobreago dira.

Bizi dugun distopia orokortu honetan datu makroekonomikoen atzean hilabete bukaerara iristeko zailtasunak dituzten herritarrak ez ezik, lan merkatutik at dauden langileak daude (batez ere, emakumeak) eta pentsio lotsagarriekin bizi diren pentsiodunak.

Europako Gutun Sozialak ezarritako soldata txikienetik urrun dauden herritarrak dira eta horiei guztiei pixkanaka bizitza lapurtzen dieten heinean Euskal Autonomia Erkidegoko patronalak, betiko leloaren betiko leloa errepikatuz, honakoa dio, mapa sindikala aldatzen ez den bitartean lehiakortasuna galduko dela, sindikatuak egungo errealitatera hurbiltzen ez badira inbertsioak galduko direla. Alegia, errua sindikatuena dela.

Kapitalismotik ateratzea biziraupen kontua dela dioen Paul Jorion-ek esango lukeen bezala, kapitalismoa ez da eredu ekonomiko soil bat, herrien iritzien kontra neoliberalismoaren arauak ezartzen dituen gobernatzeko modu orokortua da.

Zaharrak berri, XXI. mendeko garai distopikoetan.