Joseba Permach Martin
Iratzar Fundazioko kidea
GAURKOA

200 urte geroago, Marxek balio du?

Finantza tsunami batek mundu osoko burtsetan lurrikara eragin zuela esan ziguten duela hamar urte jada. Lehman Brothers finantza-erraldoia jausi eta kapitalismoaren oinarrian dagoen merkatu librea auzitan jarri zen. Garai berean, Sarkozy eta beste agintari batzuk kapitalismoaren birfundatzearen beharraz mintzatu ziren. Hamar urte geroago, kapitalismoa birfundatu bada, haren oinarrietan sakontzeko besterik ez da izan eta Sarkozyk nahiko lan du bere aurkako ustelkeria kasuei aurre egiten. Lehengo lepotik burua.

Karl Marxek maisuki azaldu zuen, aspaldi, kapitalismoak ziklikoki krisiak eragiten zituela eta horiek ere sistemaren garapenaren parte zirela. Hazkunde ekonomikoaren fasean erraza omen zaie sistema anker honen defendatzaileei haren alde egitea; izan ere, aberastasuna, enplegua eta, oro har ongizatea sortzen duela baitiote. Baina nola da posible iraunkorki krisiak sortzen dituen sistemari buruz eraginkorra eta funtzionatzen duen bakarra dela esatea? Nola liteke halako pentsaera hain hedatua egotea?

Ez dago erantzun bakarra, jakina, baina garrantzi erabakigarria du ekonomian izaten diren gertakariak naturaltzat jotzeak, berezkoak eta, ondorioz, ekidin- edo moldaezinak izango balira bezala aritzea. Lehenago aipatutako metaforak horren lekuko eta adibide garbiak dira. Krisiaren harira, tsunamiaz, lurrikaraz edo finantza turbulentziez mintzatu zaizkigu aditu ekonomikoak, naturaren fenomeno fisikoak balira bezala eta horien atzean ardura pertsonalik ez balego bezala.

Sistema kapitalistan merkantziak bizitza propioa izango balute bezala proiektatzen zirela idatzi zuen Marxek haren obra nagusian, “Kapitala” liburuan: «Hor giza gogamenaren produktuek figura autonomoak dirudite, bizi propioz hornituak, elkarrekiko eta gizakiekiko harremanean» (Marx, 2004:322). “Merkantziaren fetitxismoa” deitu zion aipatu mekanismoari. Eta berrehun urte beranduago ere, ekonomiaren gertakariak fetitxizatuta azaltzen zaizkigu oraindik, fakultate, komunikabide edota eztabaida publiko gehienetan. Merkatua bizitza propioa izango lukeen fenomeno edo gizaki gisa aurkezten da eta, ondorioz, nekez egin daiteke zerbait haren norabidea baldintzatzeko. Gehienez eta zerbait egitekotan, Troikaren eta Nazioarteko Diru Funtsaren (FMI gazteleraz) errezetak jarraitu daitezke, ahulduta dagoen ekonomiaren osasunak hobera egin dezan.

Ez merkatuak ez sistemak ez dute funtzionatzen. Ez lehen eta ez orain. Kapitalismoa etengabe krisiak eragiten dituen sistema da. Hazkunde ekonomikoaren garaian, kapitalak langileon izerdiaren kontura eskuratzen ditu etekinak (plusbalioaren bitartez, Marxen hitzetan) eta, ageri denez, krisi garaiko galerak ere guk ordaindu behar ditugu.

Bestelakoa da, ordea, sistemaren funtzionamenduaren inguruko azalpena. Honetaz ere mintzatu zen Marx “Ideologia alemaniarra” liburuan. Bertan ideologiak betetzen duen funtzioa azaldu zuen eta haren ondorioz «gizakiak eta haien harremanak alderantzikaturik ageri» (Marx, 2004:184) direla azpimarratu zuen. Aldi oro krisiak eragiten dituen esku ikusezina bera da gu gidatu behar gaituena eta, omen, hark aberastasuna sortzeko duen gaitasuna ordezkaezina da. Eskuak bere lana egin dezan, denok saldu behar dugu kapitala edo lana eta, jakina, bi faktore horien arteko harremana orekatua izango da eta guztion ongizatea eragingo du. To errealitate alderantzikatua!

Egungo sistema ekonomikoak pobrezia, langabezia eta prekaritatea sortu, hedatu eta iraunkortzen ditu; emakumeak lan erreproduktibora eta sektore prekarizatuetara kondenatzen ditu, gizartearen dualizazioa edo arrakala soziala egunetik egunera handiagotzen du, baliabide naturalak inolako kontrol eta bermerik gabe ustiatzen ditu eta iparraren garapena hegoaldearen miseriaren gainean eraikitzen da. Horrela izan da denbora luzez eta egoera hori areagotu eta larriagotu egin da azken hamarkadetako neoliberalismo eta globalizazio ekonomikoaren ondorioz.

Eta hori guztia ez da naturala, ez da halabeharrez gertatu behar zuen zerbait, ez da, inondik ere, berezkoa. Horrela agertzen bada, besteak beste, ideologia neoliberalak izan duen hedapenaren ondorioa da; hots, Marxek aipatzen zuen errealitate alderantzikatua islatzen zuen ideologiaren ondorioz. Honetan ere, Marx zorrotz eta fin.

Gauza bera esan dezakegu “Manifestu komunista”-n honokoa dionean: «Gaur estatu-exekutibo modernoa batzorde bat da, burgesia-klase osoaren arazo komunak kudeatzen dituena» (Marx, 2004:243). Egun, demokrazia pribatizatu (Goikoetxea, 2017) eta Europar Batasuna edo estatuak transnazionalen aginduak hertsiki betetzen ari diren honetan, estatu agintariak kapitalaren txotxongiloak dirudite eta dira.

Berrehun urte igaro dira Karl Marx jaio zenetik. Han eta hemen omenaldi, ekitaldi eta kongresu anitz antolatzen ari da eta guk ere haren ibilbide eta ekarpenari gorazarre egitearekin batera, hausnarketa hau kaleratzea ebatzi dugu.

Marxek lan eta ekarpen ikaragarriak egin zituen. Hark, adibidez, kapitalismoa ulertzeko planteatutako hainbat kontzeptu eta ideia baliagarriak dira oso, egun ere, ematen ari diren bilakaera ekonomiko eta sozialak ulertzeko. Klase gatazkak historiaren garapenean izan duen funtzioa eta, jada, aipatutako fetitxizazioa, plusbalioa, errealitate alderantzikatua edota politikak ekonomiarekiko duen menpekotasuna esaten ari garenaren adibide gardenak dira.

Edonola, bada Marxen jarraitzaileen eta ezkerreko sektore zehatz baten baitan sarri ikusten den akats edo ulertezina den jarrera. Ez da soilik ez duela inongo zentzu praktikorik berrehun urte beranduago haren testuen interpretazioetan galduta ibiltzeak, areago doa arazoa: mundua, gizartea eta ekonomia aldatu ez balira bezala aritzen dira batzuk Marxen testuak alferrik interpretatzen. Zoritxarrez, hau ere ez da gauza berria; izan ere, Marxek aipatu behar izan baitzuen bera ez zela marxista, batzuk haren obraz egiten ari ziren irakurketaz ohartu ostean. Alegia, atzo eta gaur, batzuk Marx baino marxistago eta Marx bera fetitxizatuz.

Ezbairik gabe, Marxek funtsezko ekarpenak egin zituen ekonomiaren, soziologiaren eta filosofiaren alorretan. Horiek guztiak baliagarriak dira oso mundua eta historia ulertzeko eta eraldatzeko, baina ez dira bakarrak. Azken hamarkada luzeetan, adibidez, ekonomia feministatik zaintza lanen eta sektore erreproduktiboaren garrantzia azpimarratu da. Gizonaren* izerdiarekin plusbalioa sortzeko, oharkabean pasa ohi den emakumearen* izerdia ere behar dela frogatu eta aldarrikatu da. Areago, produktibo eta erreproduktibo kontzeptuak ere auzitan jarri dira, ekonomiaren erdigunean produkzioa edo aberastasuna baino, bizitza eta elkarbizitza jartzeko. Betaurreko moreak planteatu dira, alegia, ekonomiari so egiteko.

Gauza bera gertatzen da betaurreko berdeak jantzi eta sistema kapitalista baliabide naturaletan eta biodibertsitatean egiten ari den sarraskia era gardenean ikusteko aukera dugunean; edota, guztiona dena, komuna dena, transnazionalak ustiatzen ari direla frogatzen ari denean. Aitzitik, desagertzen ari den hori guztia ez da ageri ere inongo kontabilitatean, ez bederen ekonomialari ortodoxoen kalkuluetan.

Eta nola azaldu planteamendu dekolonialetatik egiten ari den ekarpena, edota zentro-periferia eta mundu-sistema teorietatik egin dena estatuen eta haien burgesien arteko menpeko harremanak ulertzeko? Nola laburbildu herrien eta nazioen zapalkuntza ekonomiko, politiko eta kulturalak ulertzeko azken hamarkada luzeetan gurean, Europan, Amerikan edo Afrikan egin diren hausnarketak? Luze joko luke denak aipatzeak; izan ere, oparoa baita sistema kapitalistaren oinarriak eta teoria deseraikitzeko sektore anitzetatik egiten ari den lana.

Marxek ezinbesteko ekarpena egin zuen sistema kapitalista interpretatu eta bestelako jendarte eredua eraiki nahi dugun mundu osoko ezkerreko pertsona eta mugimenduontzat. Edonola eta, zorionez, kolore anitzetakoak dira jada ezkerreko gizon eta emakumeak mundua bistaratzeko ditugun betaurrekoak. Une honetan, herrialde ezberdinetako langileriarekin osatzen den munduko langileriak bestelako tresnak ditu eskura munduari so egin eta eraldatzen saiatzeko.

Izan ere, mundua interpretatzea bezain garrantzitsua baita haren barnean gertatzen diren zapalkuntzei aurre egitea, praktikaren bitartez Marxek deskribatu zuen sistema kapitalista anker eta basati hori egunez egun borrokatzea. Nork bere herrian eta kontraesanak kontraesan, bestelako mundua eta jendarte eredua eguneroko praktikaren bitartez eraikitzea behar du izan gure xede nagusia. Izan ere, eraldaketarako teoria garrantzitsua baita, baina praktika, ezinbestekoa. Ezbairik gabe, hori da Marxi egin dakiokeen omenaldirik hoberena.