GARA Euskal Herriko egunkaria
JO PUNTUA

Pasadizo bitxia


Espero zitekeen bezala, ETAren desegiteak erreakzio, iritzi eta balorazio andana eragin du. Halako hitz-jarioaren alboan, gure lankide Tasioren marrazkia nabarmendu nahi nuke, hareazko erloju horrek maisuki irudikatzen baititu oraindik ere esan ezin diren hitz asko.

Berebiziko jazoerak eragindako irizpen burutsu eta ez burutsuetatik aldenduz, anekdota kutsuko pasarte bat ekarriko dut hitz putzu honetara. Ostiralean Arnagako ekitaldian Michel Camdessus ikusteak ezustean hartu ninduen. Egia da Kofi Annanen ordezkari gisa izan zela bertan, eta Bakearen Nobel saridunak hura hautatzea normala ere bada, Africa Progress Panel talde elitistako kide diren heinean, elkar ezagutzen baitute.

Duela hamalau urte, Camdessusen hitzaldi baten kronika egitea egokitu zitzaidan. Aitortzen dut ordura arte ez nekiela nor zen eta, are gutxiago, sortzez baionarra zenik. Lanaren harira, bere ibilbideaz dokumentatu eta hitzaldira joan nintzen. Gorbatadun eta jantzi apainekin atondutako jende «inportantez» lepo zegoen Angeluko aretoa. Ordurako baziren urte batzuk Nazioarteko Diru Funtseko (FMI gaztelerazko sigletan) presidentetza utzi zuela, baina bere itzala handia zen, batez ere esparru ekonomiko-politiko-finantzarioan.

Ni ez bezala, horren jakitun ziren aretora sartzerakoan zain zeuzkan Abertzaleen Batasuneko bi ekintzaileak. Oina bertan jarri orduko, sagar tartekin eraso zioten. Militanteak berehala atera zituzten hitzaldi gelatik eta, itxuraz bederen gehiegi asaldatu gabe, ekonomialari ospetsua aldatzera joan zen. Minutu batzuk geroago hitzaldiari ekin zion, ezer gertatu izan ez balitz bezala. Jarrera patxadatsua mantentzen trebatua zegoela pentsatu nuen, baina gero jakin nuen izan bazuela eskarmenturik, antzeko trantzea gutxienez behin pairatu baitzuen, zehazki 2000ko otsailean, Bangkoken, Merkataritza eta Garapen Konferentzian FMIko kargu gisa egin zuen azken hitzartze ofizialean.

Angeluko hitzaldia Txiberta hotelean izan zen, eta tarta aurpegian lehertu zion ekintzailetako bat Luhuson atxilotutako Txetx Etxeberri bake artisaua zen. Bizitzaren menturak.