Imanol Galfarsoro
Soziologoa
GAURKOA

Afektuak

Afektuen inguruko hausnarketak areagotu egin dira azken urteotan, eremu publikoan eta politikoan emozioen eta sentimenduen garrantzia adierazten duena. Era berean, moraltasun-zentzu goitarra nagusitu da, intuizio afektiboen anbiguetateak erakutsi beharrean. Hori dio Alenka Zupančič filosofia irakasleak, afekzioen eraginaren gorakadak mistifikazio ideologiko aski gordinak dakartzala maiz erantsiz.

Feminismoa intuizio afektiboen inguruko aipatu anbiguetateaz ondo jakinean dago. Batetik, ikuspegi materialista nabarmentzen da ohiz. Hau da, afektuak lan-banaketa sexualak dakarren emakumeen bereizkeria sozial eta ekonomikoarekin lotzen dira. Bestetik, afektuen eragina azaltzeko orduan zaintzak feminismoan betetzen duen erdi-erdiko tokia dago.

Mari Luz Esteban mediku eta antropologoak dioenez, zaintzaren gain-dimentsio afektibo eta emozionala feminismo garaikidearen zutabe nagusietako bat da, izargunea. Horregatik, zaintzaren inguruan feminismoan dagoen «hipertrofia»-ri buruz hausnartzea beharrezkoa da –zaintzaren etikaren unibertsalizazioa edo ama-pentsamenduaren onurak aintzat hartuz zaintza edo feminismoa sentimentalizatzeko arriskua areagotzen baita–.

Estebanen arabera, zaintza terminoak genero-marka bere baitan gordetzen du eta feminismoaren sentimentalizazioa erromantizismoak jota dagoen gizarte eta kultura baten gaitza da. Ondorioz, Zupančič-ek aipatu mistifikazio ideologikoei aurre egiteko gonbidapena egokia da.

Zupančič-en arabera, afektibitatearen eta sentimenduen baliotze berri hau une historiko zehatz batean nagusitzen ari da. Gerora begira, hain zuzen, ohiko arazo garrantzitsuek (giza-desberdintasunak eta askatasun politikorik eza, demagun) lekuan lekuko haien jatorriei, zergatiei eta pertzepzioei buruzko errotiko berrikuspen orokorra eskatzen duten garai berean. Ikuspegi berri horiek garai berriak deszifratzea eskatzen dute. Andoni Olariaga filosofoak gutxi dela argudiatu bezala, belaunaldi berrien betebeharra iraganetik ikaspenak atera eta hizkuntza eta diskurtso berrituak eraikitzea da.

Galdera hau da: egun nagusi diren (kultur) identitate-politiken diskurtsoek (intersekzionalitatea, pentsamendu transbertsala…) osatzen dute berritasun horren ardatza? Sintoma gisa, behintzat, afekzioen giza-balioak ezagutu duen gorakadak hori baieztatuko luke. Are eta okerrago, politikagintzaren kulturalizazio eta sentimentalizazio honekin batera subjektu eragilearen nozioak indarra galdu du, biktima pairatzailearen ideia nagusitzen den bitartean. Biktimari, bestalde, inolako irabazirik eskaini gabe. Biktimari, aitzitik, zer eta bere diruarekin ordainduz: o! zure sentimenduak hain dira preziatuak, hain zara preziatua zure sufrimenduan! Zenbat eta gehiago sentitu, zenbat eta gehiago sufritu, hainbat eta preziatuagoa izango zara!

Bestela esanda: maniobra neoliberal tipiko bat aintzat hartzeko arriskuan gaude, sentimenduari balioa eta prezioa ezartzen diona, esperientzia traumatikoena ere balizko kapital sozial bihurtzen duena, gure afektuak kapitalizatzen dituena. Eta gure afektuak kapitalizatzen baditugu ez da gero harritzekoa protestak ere afektu eta sufrimenduen adierazpenak luzatzera mugatuko ditugula, gizartea aldatzea helburu, ganorazko subjektu eragilearen ordez biktima errukigaiaren irudiak goretsiz.

Nola erantzun, orduan, biktimaren inguruan (presoak, migratzaileak, gutxiengoak…) nabarmentzen den afektuen goitasunari? Hona hemen sorgin-gurpila: afektuak soilik baliotzen jarraituz gero, ondorioa emozio eta sentimendu hutsetan oinarritutako afektuen areagotze geldiezin eta aseezina da. Hainbat non afektuen erditasuna zalantzan jarriz gero, erantzuna fulminantea baita: haserre hutsa, are sumindura itsua, beste edonora so egiteko, edo beste edozertaz eztabaidatzeko aukera bera errotik errefusatzen duena.

Zer esan nahi duzu, pertsona presoak ez direla biktimak? Migratzaileen inguruko hondamendi humanitarioa konpontzeko laguntza emozionala ez dela beharrezkoa? Kultura-aniztasunetik eskaintzen den gutxiengoen babesa antzararen gauerdiko eztula etikoa dela, inolako eraginik gabekoa?

Zailtasuna hemen zera da: haserre edo sumindura moral horrek izugarrizko gratifikazio subjektiboa eskaintzen digula, sumindura bera, afektu bezala, bereziki eta biziki kaltegarria baldin bada ere da. Bereziki kaltegarria, suminduran eroso bizitzeko gure zuzentasun sentimendua beste norbaiten posizio moralki guztiz oker batean sostengatu behar delako. Biziki kaltegarria, eraginkorra izateko, norberaren posizio moralki goitar eta errugabe hori beste baldintza batean sostengatu behar delako, alegia: gauzek dauden horretan segitu behar dute, beti. Gauzak ez dira benetan aldatu behar. Gauzak aldatzea gutxiago interesatzen zaigu, gure zuzentasuna behin eta berriro egiaztatzea baino.

Suminduratik abiatuta, zaintzaren diskurtsoa emankorra suertatzen ari da haurren esparrutik haratago gizarteko talde «zaurigarri» guztietara hedatzeko orduan. Alta ondorioa sobera zalantzagarria da, alegia: gizartearen «infantilizazioa» –presoak, migratzaileak, gutxiengoetako kideak haurrak balira bezala antzematea–.

Presoak «pertsona presoak» dira orain, humanoagoak-edo izen berriarekin, bidenabar, iraganeko subjektu eragilearen irudia lausotuz. «Maite zaituztegu» esatean gure ardura nagusia nola «sentitzen» diren (senitartekoak barne) jakitea da, hauei «ahotsa ematea» biktima zaurigarri gisa pairatzen duten sufrimendua gainditzeko –haurrek ez lukete sufritu behar–.

Migratzaile eta erbesteratuei, berdin, zaintza eta babesa eskaintzen zaie, pairatzen dituzten arriskuen aurka subjektu «izoztu» bat eta bakarra eraikiz, denak berdinak, migratzaileak, erbesteratuak, historiarik gabekoak, historiak baztertuak, gizagaixoak –haurrak edozein baldintzatan babestu behar dira–.

Gutxiengoen trataeran, beste hainbeste, diferentzia oro babestu eta zaindu behar da, dibertsitateak berezko balioa baitu. Desberdinak izatea, bestalde, ez da kontrakoa izatea. Ez konfrontaziorik, ez borrokarik. Gaizki-ulertuak elkarrizketaren bidez konpon daitezke –haurrak zoragarriak dira–.

Ohartu nola biktimen edo beste edozein arazoren aurrean, halako kanpotasun, are goitasun errugabearen posizioa gorde nahi dugun. Inguruko gaitz guztiak eta gehiago ikusteko gai, ez dugu ikusi nahi zein neurri handian parte hartzen dugun, guk geuk, betiko gauzen ordenaren perpetuazioan. Arazoa ez baita mundua gaizki dagoela, mundu gaizto honen parte garela baizik.

Garai berriak izen berriekin deszifratzeko orduan afektibitate zein sentimenduen baliotzea egokia da. Mari Luz Estebanek ez du ukatzen besteen arretan emozioek duten garrantzia. Alenka Zupančič-entzat ere kontua, jakina, ez da sufrimendua ez dela adierazi eta eztabaidatu behar. Kontua da subjektua ezin dela «izoztu» biktimaren figura bihurraraziz. Biktimaren posizioa ukatu egin behar da ahal adina mailatan.

Zaintzaren etika dela-eta, literalki dagokion esparrura mugatu behar dugu; hau da: haurtzaintzara, oro har. Metaforekin jolas egin nahi izanez gero, bestalde, honi erreparatu diezaiogun: haurrei behin adin eman edo jakin batetik aurrera laguntza edo babesa eskaintzen diena horien etsairik okerrena da. Biktimen infantilizazioarekin, berdin; aise identifikatutako gaizkile moralki deprabatuena baino, gu izan gaitezke hemen dominazioaren eragile eraginkorrena –zer eta gure satisfakzio moral goi-mailakoaren mesedetan biktima betirako objektu pairatzaile izatera kondenatuz–.

Biktimaren traumak ez luke balio behar gure goitasun etiko errugabea elikatzeko.